Eutanasia
Eutanasiaren legea ekainaren 25erako prest egongo da EAEn, Sagarduiren esanetan
EITB Media | Agentziak
EITB
Osasun sailburuak adierazi du epea laburra izanda ere, legea "berme guztiekin" betearazi ahal izateko lanean ari direla.
Eutanasia eskubidea arautzen duen legea "berme guztiekin" betetzeko behar diren lanak egiten ari da Osasun Saila, Gotzone Sagardui sailburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan adierazi duenez.
Eutanasiari buruzko legea ekainaren 25ean sartuko da indarrean, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera.
Bada, legea betetzen dela bermatzeko Osasun Sailak aurreikusitako jardueren artean daude, besteak beste, berme eta ebaluazio batzorde bat sortzea. Baita sentsibilizazio eta informazio jarduera pedagogikoak ematea eskatzaileei eta zerbitzua eman behar duten profesionalei.
Sagarduik agerraldian azaldu duenez, "oso lege bermatzailea da prozeduretan. Pertsona guztien eskubideak eta borondateak defendatzen ditu, bai lagundutako heriotza lortu nahi dutenei dagokionez, bai praktika horiek kontzienteki egitearen aurka dauden osasun profesionalei dagokionez".
Azkenik, epe laburra izan dutela argi utzi nahi izan du sailburuak. Hala ere, legea behar bezala eta epe barruan betearazi ahal izateko lanean ari direla esan du.