Itxi

Migrazioaren krisia

Italiako justiziak Matteo Salvini epaituko du Open Arms auziarengatik

EITB Media | Agentziak

EITB

Leer en Castellano

2019an, agintari ultraeskuindarrak erreskatatutako 147 migratzaileen porturatzea blokeatu zuen 19 egunez.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Palermoko Auzitegiko (Sizilia) epaile batek erabaki du Matteo Salvini Italiako Barne ministro ohia epaitzea, “pertsonen bahiketa” delitupean. Liga ultraeskuindarreko agintariak Open Arms GKEren ontziak erreskatatutako 147 pertsona migratzaileen porturatzea blokeatu zuen 19 egunez, 2019ko abuztuan.

Hiru saioren ostean, Lorenzo Ianelli epaileak Salviniren defentsaren argudioak entzun ditu. Hartutako erabakia Gobernuak adostutakoa izan zela eta ontziak Maltara edota Espainiara joateko aukera izan zuela azaldu du defentsak, herrialde biek ontziaren lehorreratzea baimendu baitzuten.

Martxoaren 20ko azken saioan, Fiskaltzak Salvini epaitzeko eskatu zuen aurkeztutako dokumentu eta frogekin argi ikusten delako Salvinirena “ekintza politikotik baino administratibotik gehiago izan zuela”.

Epaileak akusazio gisa onartu ditu pertsona migratzaileak, elkarte humanitarioak eta Palermo eta Bartzelona hirien testigantzak, baita Oscar Camps GKEren sortzailea eta Anabel Montes misio arduraduna, besteak beste.

Erreskatearen kronologia

2019ko abuztuan, orduko Barne ministroak 19 egunez blokeatu zuen 147 erreskatatuen porturatzea, migratzaileak salbatzen zituzten ontziei portuak ixteko politika tarteko.

17 egun igarota, Gobernu espainiarrak lehorreratzeko portua eskaini zion Open Arms-i, baina honek uko egin zion migratzaile batzuen egoera fisikoa eta psikologikoa kezkagarria zelako. Horietako batzuk kosta italiarrera heltzeko esperantzarekin itsasora salto egin zutela jakinarazi zuen GKEk.

Azkenean, abuztuaren 20ko gauean Fiskaltzak gelditzen ziren 83 migratzaileak Lampedusan porturatzeko agindua eman zuen, larrialdi humanitario egoera hari amaiera emanez.

Albisteak (2)

Bideoak (2)