KORONABIRUSA
Euskadiko ospitaleratzeek gora egin dute, 115 berri izan baitira azken orduetan
N. B. | EITB MEDIA
Pandemiaren lehen olatutik izan den kopururik altuena da. Gainera, intzidentzia tasa metatua 500etik gora igo da eta Erresuma Batuko aldaerak jatorrizkoa ordezkatu du jada.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Egoera kezkagarria da oraindik. 115 pertsona gehiago ospitaleratu dituzte azken orduetan Euskadin covid-19aren ondorioz, 2020ko azaroaren 13tik egun batean izan den kopururik altuena; guztira, 524 gaixo daude gela arruntetan eta 154 zainketa intentsiboetako unitateetan.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prentsaurrekoa eman du pandemiaren egoera epidemiologikoaren berri emateko, eta, adierazi duenez, "joerak gora egiten jarraitzen du eta ez dago hurrengo egunetan aldatuko den susmorik. Azken aste honetan lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren presioa areagotu egin da".
Euskadin 779 kutsatze berri atzeman dituzte astelehen honetan, aurreko egunean baino 146 gehiago, baina positibotasun tasa bi puntu baino gehiago jaitsi da, % 6,3ra arte.
Hala ere, 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako tasa "oso azkar hazi da" eta 509,02 kasutara iritsi da (aurreko egunean 497,66 izan zen). Hala, gaixotasunaren intzidentzia metatua etengabe handitzen ari da martxoaren 11tik, 200 kasu zeuden egunetik.
Azken hamar egunetan, adierazle horrek 100 kasu baino gehiagotan egin du gora, apirilaren 10ean 400 kasutik gora baitzeuden. Intzidentzia metatuaren igoera hori hiru lurraldeetan gertatu da, batez ere Gipuzkoan, 658,1 kasu izan baitira. Arabak (440) eta Bizkaiak (426,4) jarraitzen diote.
Hiriburuetan, Donostiak lurralde osoaren joera bera du, eta metatutako 500 kasu inguru ditu (498,9); Bilbon 565,9ra igo da, eta Gasteizen, berriz, adierazle hori egonkortu egin da, 463,5 kasu izan baitituzte berriro.
Sailburuak adierazi duenez, adierazle batzuk "zertxobait aldatzen dira, baina hori ez da nahikoa joera aldaketa bat aurreikusteko".
Kasu bakoitzeko batez besteko kutsatze-kopuruak 1etik gora jarraitzen du, nahiz eta azken egunetan "nolabaiteko murrizketa edo geldialdia" ikusten den; hala, gaur egun 1,03ko balioa du eta Gipuzkoak bakarrik mantentzen du 1etik gorakoa.
Gainera, Erresuma Batuko aldaerak "jatorrizko aldaera ia erabat ordezkatu du, eta transmitigarritasun handia duenez, egoera aurrekoetan baino konplexuagoa da". Hegoafrikako aldaeraren 46 kasu eta Brasilgoaren 177 kasu atzeman dituzte, eta Nigeriako aldaera bakarra identifikatu dute.
Sagarduik pandemiaren bilakaerari buruz emandako datuen arabera, atzo 12.301 PCR eta antigenoen testa egin dituzte, aurreko eguneko 7.254tik gora, eta 303 positibo atzeman dituzte Bizkaian, 375 Gipuzkoan, 95 Araban eta 6 Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Sagarduik esan du azken aste honetan lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren presioak gora egin duela. Horren harian, astelehen honetan "2020ko azaroaren 13tik izandako kopururik altuena" erregistratu zela esan du, "115 pertsona berri" sartu baitziren, eta 524 pertsona daudela covid positiboarekin, hau da, 94 pertsona gehiago duela astebete baino, eta 160 gehiago duela bi aste baino.
Ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateetan, 154 paziente daude covid positiboarekin, bezperan baino zazpi gehiago; beraz, "tentsio-maila altua da". Sagarduik esan duenez, 358 ohe daude zabalik, % 77,93ko okupazio orokorrarekin, eta gaixoen erdiek baino gehiagok positibo eman dute koronabirusean.
"Ez da egoera ona, baina, hala eta guztiz ere, Osakidetzak osasun laguntza bermatzen jarraitzen du", azaldu du Sagarduik, eta "premiazko guztia" Euskal ospitaleetan "normaltasunez" artatzen dutela gaineratu du.
Txertaketa kanpainari dagokionez, Sagarduik azaldu du covid-19aren aurkako 640.556 dosi eman dituztela gaur egun Euskadin. Horrela, herritarren % 21ek lehen txanda bat jaso du eta % 8,1 erabat immunizatuta dago.
Sailburuak azaldu duenez, jasotako dosiekin, arrisku handiko pertsonei eta 74 eta 79 urte eta 60 eta 65 urte bitarteko kolektiboei txertoa jartzen jarraituko dute.
Ikastetxe bakar batek ere ez du bere jarduera presentziala bertan behera utzi covid-19aren ondorioz. Hala ere, 94 gela daude itxita (60 gehiago) 58 ikastetxe eta institututan, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko 17.554 eskola irekien % 0,54.
Nafarroan ere, covid-19aren kasuak apur bat igo dira, 150 baino gehiago atzeman baitituzte.