Itxi

KORONABIRUSA

LABI deitu ala ez erabakiko du Urkulluk mahai teknikoaren osteguneko bileraren ostean

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzaren arabera, ez dirudi Pedro Sanchezek alarma egoera luza dezakeenik, eta lantalde bat egoera posibleak aztertzen ari dela esan du.

LABI teknikoaren aurreko bilera bat, lehendakaria bertan zela. Artxiboko argazkia: EFE.

Iñigo Urkullu lehendakariak erabakiko du Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea, LABI instituzionala, deituko duen ala ez, datorren ostegunean mahai teknikoak egingo duen bileraren ostean; izan ere, mahai teknikoak covid-19aren bilakaeraren azken datuak aztertuko ditu, egoera "kezkagarria" baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak maiatzaren 9an alarma egoera altxatzeko borondatean atzera egiteko "berririk" ez dute.

Izan ere, komunikabideen bidez dakitenaren arabera, "hasiera batean, badirudi Espainiako Gobernuak ez duela bere jarrera aldatzeko asmorik", hau da, maiatzaren 9an alarma egoera desagertuko dela, eta gogorarazi du lantalde bat Euskadin egon daitezkeen aukerak aztertzen ari dela.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera, LABIren Batzorde Teknikoaren bileran izan zen apirilaren 13an. Batzorde horrek egoera epidemiologikoa eta jarraitu beharreko planteamenduak aztertzen ditu.

Era horretan, Urkulluk eta Sagarduik, covid-19ak Euskadin izan duen bilakaera zehatz-mehatz ezagutzeaz gain, hurrengo hilabeteetako osasun-bilakaera zein izan daitekeen aztertu nahi zuten, bai eta egoera desberdinak ere, euskal administrazioek pandemiari aurre egiteko beharrezko neurriak har ditzaten, "baita alarma-egoera bertan behera uzten badute ere".

Lantaldeak

Ildo horretan, Bingen Zupiriak azpimarratu du badagoela azterketa hori egiten ari den lantalde bat, eta aurreikus daitezkeen agertoki desberdinak planteatzeko enkargua duela. Dena dela, datorren ostegunean LABIko mahai teknikoaren beste bilera bat izango dela uste du.

"Gaixotasunaren bilakaeraren eta bilera honetako ondorioen arabera, lehendakariak erabakiko du gainerako erakundeak bilera batera deitu ala ez", gaineratu du.

Albisteak (3)