IRUN MIGRAZIOA
Irungo Harrera Sareak uste du hildako gizona trantsituan zegoen migratzailea zela
O. P. | EITB MEDIA
Migratzaileei Premiazko Harrera emateko Erakunde arteko Mahaiak bertan behera utzi du martxoan abiarazitako harrerarako kontingentzia plana, migratzaile kopuruak “ohiko mailara” itzuli direlako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Irungo Harrera Sareak salatu du pasa den igandean Irunen hilda agertu zen eritrear jatorriko gizonaren gertakaria ez dela “ustekabekoa eta testuingurutik kanpo dagoen gertaera bat”. Elkarteak gaur prentsaurrekoan adierazi duenez, heriotzaren ostean egin dituen ikerketen arabera, “ez dago Irunen edo inguruetan herritar honen inongo erregistrorik, ez dago erroldaturik, ez du bizileku agiririk, ez du udal zerbitzurik erabili eta Irungo eritrear komunitateak ez du ezagutzen. Mamu bat da”. Horregatik, Irungo Harrera Sareak uste du gizonezkoa trantsituan zegoen migratzaile bat zela eta “migrazio-fenomenoaren aurkako eta pertsonen aurkako praktika negargarrien ondorioz” bizi zuen egoeragatik erabaki zuela bere buruaz beste egitea.
Euren hipotesia azaldu dute, elkartearen esperientziatik abiatuta: “bere jatorria kontuan izanik, Europara Italiatik sartu zen gaztea. Ziur asko Frantziara edo Alemaniara iristen saiatu zen. Ezin izango zuen inon finkatu eta Europan zehar ibiliko zen, beste hainbeste migratzaile bezala. Une batean Irunera iritsiko zen Frantziara igaro asmoz. Baliteke lortu izana, nahiz eta Frantzian atxilotu eta legez kanpo kanporatuko zuten, behin baino gehiagotan ere. Eta, azkenik, etsipenaren aurrean, horrelako jazarpenarekin amaitzea erabaki zuen. Pertsona migratzaileek, bidaiatzen hasten diren unetik bertatik eta zeharkatzen dituzten etapa guztietan, jasaten duten jazarpena. Sarritan heriotzan amaitzen den jazarpena”.
Hala, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei eta udalei (Euskadin Harrerarako Erakunde arteko Mahaia osatzen duten erakundeak) eskatu diete hildako pertsonarekin zer gertatu den argitu dezatela, “pertsona hori identifikatu, familiarekin komunikazioan jarri eta gorpua aberriratu” ahal izateko. Halaber, “giza eskubideen eta pertsonen alde” lan egin dezaten eskatu diete eta “eskumen mugen atzean ezkutatu gabe” dagokien erakundeetan “politika egin” dezatela, “Irunera iristen diren pertsona migratzaileei eragiten dieten harrera-irizpide murriztaileak, diskriminatzaileak eta urriegiak berrikusi eta zabaltzeko”.
Kontingentzia plana, bertan behera
Aldi berean, Irunen bertan, Iragaitzazko Migratzaileei Premiazko Harrera emateko Erakunde arteko Koordinazio Mahaia zuzendu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek; Irungo Gordailua eraikinean egin dute bilera eta, ondoren, sailburuak eta Mahaiko kideek Irungo Hilanderas kaleko harrera-zentroa bisitatu dute.
Sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak abiarazitako baliabideek iragaitzazko 1074 migratzaileri eskaini diete arreta martxoaren 1az geroztik; martxoan, zehazki 773 izan ziren artatuak, ohikoa baino askoz ere zifra handiagoa. Hala ere, adierazi duenez, “migratzaile bat bera ere ez da artatu gabe geratu, inori ez zaio itxi arreta eta harrera zentroetako atea”. Hain zuzen ere, martxoko tentsioak behera egin eta ohiko arreta kopuruetara itzuli denez, Erakunde arteko Mahaiak indargabetu egin du martxoan abian jarritako kontingentzia-plana. Edonola ere, adierazi dute noiznahi abiarazi ahal izango dela berriz, zirkunstantzien arabera beharrezkoa bada.
Honen harira, Irungo Harrera Sareak salatu du joan den martxoan gauez kalean zeuden 30 lagun baino gehiago zenbatu zituztela, inolako baliabiderik ez zutenak, eta, aurreikuspenen arabera, kopuru hori gaindituko dela apirilean ere “betetzen ez diren tokiak dituzten gaitutako baliabideak egonik”.
Administrazioei eskatu diete “arrazakeria, diskriminazioa eta hiltzeko arriskua migrazioen berezko gauzatzat ez hartzea” eta dei egin diete herritarrei bihar, apirilak 22, osteguna, arratsaldeko 18:00etan San Juan plazan egingo den bilkurara gertura daitezen.