KORONABIRUSA
Kutsatzeak egonkor mantendu dira Nafarroan, 186 kasu atzeman baitituzte
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Zazpigarren egunez jarraian, 200eko langatik behera daude positiboak. Gainera, aurreko asteekin alderatuta, beheranzko joerari eutsi zaio.
Zazpigarren egunez jarraian, 200eko langatik behera mantendu dira positiboak Nafarroan, 186 kasu zenbatu baitituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehazki, ostegunean 2.712 proba diagnostiko egin zituzten (asteazkenean baino 316 gutxiago), eta horien % 6,9k eman zuten positibo. Positibotasun tasak, beraz, zazpi puntu egin du behera (% 7,6an zegoen).
Bezperan baino bi gehiago dira, baina duela astebete baino 17 gutxiago, eta duela 15 egun baino 107 gutxiago.
Altsasun atzeman dituzte kutsatze gehien: 10, hain justu. Barañainen eta Funesen, bestalde, zazpina zenbatu dituzte. Azken herri hori perimetralki itxita dago gauerditik. Azkenik, Azagran, Berriozarren, Leitzan eta Iruñeko Donibane auzoan seina kasu atzeman dituzte.