Itxi

BILBO

Artxandako begiratokiak sei kilometrotik gorako pasealeku bat izango du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bilboko Udalak egungo BI-3741 errepidea oinezkoentzako ibilbide seguru bat izango duen hirigune bihurtu nahi du, egoteko eta ibiltzeko leku gehiagorekin.

Proiektuaren irudia. Argazkia: Bilboko Udala

Artxandako begiratokiko pasealeku berriak sei kilometro baino gehiago izango ditu Deustu eta Agirleta artean. Bilboko Udalak egungo BI-3741 errepidea hirigune bihurtzeko proiektu bat aurkeztu du, ibilbide osoan zehar oinezkoentzako pasealeku seguru bat izango duena, egoteko eta ibiltzeko leku gehiagorekin.

Ibilbide berria Artxandan dauden (eta izango diren) lursail, instalazio eta ekipamenduetara joateko bidea izango da, eta pasealeku eseki bat izango du oinezkoentzat, zatirik handienean errepideko plataformarekin bat egingo duena.

Sondikako Udalarekin batera sortutako Artxanda Aktibatzeko Planaren parte da proiektua, eta lizitatzeko bidean dago; 4.311.984,37 euroko aurrekontua du eta 16 hilabeteko epean gauzatuko dute.

Plan horren helburua da Artxandako Parkeari irisgarritasun on bat ematea, Bilboko eta Bizkaiko herritarrek are gehiago erabili eta goza dezaten, betiere inguru horren izaera naturala eta jasangarria bermatuta.

Aldaketak ibilbidean

Oinezkoek eta ibilgailuek elkarrekin erabili ahal izateko, ibilgailuen abiadura moteldu egingo dute eremu osoan. Horretarako, Bilboko Udalak estutu egingo ditu erreiak, hiru metroko zabalera uzteko, eta gehienezko abiadura orduko 30 kilometrora murriztuko du, Nogaro eta Trueba ondoko biribilguneen arteko tartean izan ezik, bertan gehienez ere 20 km/h-ko abiadura baimenduko baitute.

Radar pedagogikoak jarriko dituzte zirkulazioaren bi noranzkoetan, eta semaforoak Berriz, Nogaro eta Trueba inguruko hiriguneetako oinezkoentzako pasabideetan.

Gainera, galarazita egongo da ibilgailuak aurreratzea obra egingo den eremu guztian, baina gaur egun dauden moduan utziko dituzte biratzeak eta bidera sartzeko erreiak.

Berriz eta Nogaroko hiriguneetan, bai eta Nogaroko eta Truebako biribilguneen arteko tartean, berritu egingo da galtzadako zoladura, tarte horiek herrigune bihurtu eta oinezkoen joan-etorriei lehentasuna emateko.

Aldatu egingo dira bideetako zoru-markak, eta oinezkoentzako ibilbide bat sortuko da, hormigoi drainatzaile berdezkoa, Agirletarako noranzkoan, eskuinaldeko bide-bazterrean; bereizita egongo da galtzadatik, eta, horretarako, zoladura aldatuko da, eta hesi bat jarriko dute, metalezko arimaduna eta zurez estalia. Era berean, egoteko lekuak sortuko dira, jarlekuz hornituak, ibilbide osoan zehar, eta berritu egingo dira lehendik zeuden begiratokiak eta berriak egingo dira.

Txirrindulariak ibiltzen direla ohartaraziko da, bidean bertan erreia seinalatuz bizikletaren irudia izango duten seinale termozigilatuekin.

Halaber, argiteria hobetuko dute, nahiz oinezkoen ibilbidean, nahiz bidean bertan; eta euri-uren, ur beltzen eta saneamenduko uren sareak berrituko dituzte.

Albisteak (1)