Itxi

Hezkuntza Saileko datuak

Iazko ikasturtean 100 jazarpen kasu atzeman zituzten EAEn, % 25 sare sozialen bidez

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gehien gertatzen diren eraso motak honako hauek dira: hitzezko erasoak, bazterketa edo marjinazio soziala, edo eraso fisikoa. Ziberbullyinga zortzi puntu hazi da hiru urtetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak 100 eskola jazarpen kasu atzeman zituen iazko ikasturtean (2019-2020), aurreko ikasturtean baino lau kasu gehiago eta aztertutako 795 kasuen % 12,58n, hain justu. Horrez gain, aipatzekoa da identifikatutako kasu horien % 25ean jazarpena nagusiki internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Maite Ruiz Hezkuntzako Ikuskaritza zerbitzuko ikuskari nagusiak iazko ikasturteko eskola jazarpen datuak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan, Gasteizen, baita azken urteotan izandako bilakaera ere.

Guztira, 795 kasu susmagarri aztertu zituen Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak, 2018-2019 ikasturtean baino 40 gehiago.

Azpimarratzekoa da ziberbullying kasuek izan duten gorakada. 2016-2017 ikasturtean kasuen % 17 izan ziren internet, sare sozial eta enparauen bidez egindakoak; iaz, berriz, % 25

Maite Ruizen aitortu duenez, jazarpen mota hori zabaltzen joan da "ikustezinagoa eta errazagoa" delako, baina ikasleak arlo etikoan hezten gaindi daitekeela azpimarratu du.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) atzeman dituzte kasu gehien, 63. Lehen Hezkuntzan 37 kasu zenbatu dituzte.

Begoña Pedrosa sailbuordearen hitzetan, kasuek gora egin badute gizartearen, eskolen eta ikuskaritzaren "sentsibilizazio maila handiagoagatik" da, ez berez kasu gehiago daudelako. "Susmoa dugun guztietan aztertu egiten da", nabarmendu du.

Gehien gertatzen diren eraso motak honako hauek dira: hitzezko erasoak, bazterketa edo marjinazio soziala, edo eraso fisikoa.

Azken ikasturteko datuez gain, sailburuordeak Bizikasi ekimena ere hizpide izan du, duela lau urte Hezkuntza Sailak abian jarri zuen eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Bullying-ari aurrea hartzea eta "mozorroa kentzea" du helburu ekimen honek, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere "ahaldunduz".

Horretarako, lau urteko ibilbide honetan, hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia egin dela gogorarazi du sailburuordeak. Lehenik, BAT (Bullyingaren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da.

Bizikasi ekimenaren baitan, elementurik berriena, Hezkuntza Sailak osatu duen bizikidetza positiborako curriculuma izan da, ikasleak ahalduntzeko xedez. Hau da, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte, ikasleek jazarpena lantzeko eta jorratzeko material espezifikoa dute, ikasle bakoitzak, bere heldutasun mailaren arabera, bizikidetzaren garrantzia landu dezan.

Azkenik, Maite Ruizek azaldu du lehen biktimak zirela ikastetxez aldatzen zirenak gehienbat, orain joera hori aldatu egin da, eta erasotzaileak dira beste eskola batzuetara doazenak.

Albisteak (1)

Bideoak (1)