Itxi

2021EKO UDA

Bilbok 4.420 plaza atera ditu udako aisiarako programetan izena emateko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Udalak 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteentzako udako aisia hezitzaile, osasuntsu eta familia kontziliazioko programetan izena emateko epea ireki du.

Umeak ikastetxe batean. Argazkia: EFE

Bilboko Udalak udako aisia hezitzaile, osasuntsu eta familia kontziliazioko programetan izena emateko epea ireki du. 4.420 plaza eskaintzen dira 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteentzat.

Udalak lau programa jarriko ditu abian ekainetik aurrera. Horietako bi, "Udan Primeran Kirola Eginez" eta "Campus Bereziak", aisialdi osasungarrikoak dira, eta beste bietan, "Goizeko Udalekuak" eta "Eguneko Udalekuak", aisialdi hezigarrirako jarduerak eskaintzen dira.

Helburua da laneko bizimodua eta familiako bizimodua uztartzen laguntzea eskola-oporren garaian, eta, aldi berean, "leku eta aukera seguruak eskaintzea umeek trebetasun berriak eta jokoak ezagutzeko eta beren inguruetako adingabeekin harremanak izateko".

Programa guztiak momentuan indarrean diren segurtasun neurriak betez egingo dira, eta egoerak eskatuz gero, gerta liteke programak aldatzea edota bertan behera uztea.

Jarduera elebidunak izango dira. Hala ere, Udalak azaldu duenez, euskara izango da ohiko komunikaziorako hizkuntza.

"Udan Primeran Kirola Eginez"

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak entitatearen bidez, abian jarri du programa hau, 2.100 plazarekin, 6 eta 13 urte bitarteko umeentzat. Programa ekainaren 21etik abuztuaren 6ra gauzatuko da, eta abuztuaren 30etik irailaren 3ra, Deustu, Errekalde, Artxanda, San Inazio eta Txurdinagako kiroldegietan, 09:00etatik 14:00etara (sartzeko ordutegi malgua 08:30etik aurrera).

Izena ematea asteka egin daiteke Bilbao Kirolak-en webgunean eta kiroldegietako salmenta-makinetan, gaurtik (maiatzak 3) aurrera, abonatuak diren pertsonentzat, eta maiatzaren 5etik aurrera, abonatuak ez direnentzat.

Prezioa asteko 52 eurokoa izango da abonatuentzat, eta 62,50 eurokoa abonatu ez direnentzat.

30 plaza dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat izango dira, San Inazioko kiroldegian. Kasu horretan, izen-ematea Gaituzsport fundazioaren bidez egingo da, 622 022 063 telefonora deituta.

"Campus Bereziak"

Programak 245 leku eskaintzen ditu, 6 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteentzat, eta Artxanda, San Inazio, Txurdinaga eta Errekaldeko kiroldegietan gauzatuko da. 77,75 euroko kostua izango du abonatuentzat eta 185,75 eurokoa abonatu ez direnentzat.

"Udan Primeran Kirola Eginez" eta "Campus Bereziak" udalekuetan, Udalak autobus-zerbitzua jarriko du hiriko zenbait lekutatik Artxandako kiroldegira joateko. Aukerako zerbitzu horretarako, 20 euro ordainduko dira.

"Eguneko Udalekuak"

"Eguneko Udalekuak" 3 eta 11 urte bitarteko umeentzat dira, eta guztira, 1.640 leku eskainiko dira. Jantoki zerbitzua izango da, eta ordutegi malgua ere bai; 09:00etatik 09:30era bitartean sartu ahal izango da, eta 16:00etatik 16.30era bitartean irten. Iruarteta, Indautxu, Uribarri, Basurtu, Deustu, Karmelo Ikastola eta Luis Briñas-Santutxu ikastetxeetan egingo dira.

Aldez aurreko izen-ematea egiteko epea gaur hasi da eta maiatzaren 6an amaituko da, eta Bilbao.eus webgunearen edo 944 010 010 telefonoaren bidez egin ahalko da. Lekuak maiatzaren 7an egingo den zozketaren bidez emango dira, eta izen-ematea eta ordainketa, maiatzaren 8tik 11ra bitartean izango dira.

Leku horiez gain, 360 leku eskainiko dira Zazpikaleetan, Otxarkoagan eta Zorrotzan.

"Goizeko Udalekuak"

525 plaza egongo dira 3 eta 5 urte bitarteko umeak dituzten familientzat, adingabeak bazkaltzera etxera joatea nahiago dutenentzat. Programa ekainaren 28tik uztailaren 23ra egingo dira, jantoki zerbitzurik gabe, 09:00etatik 13:00etara (sartzeko ordutegi malgua 09:30 arte). Jarduerak Iruarteta, Indautxu, Uribarri, Basurtu, Karmelo ikastola eta  Deustu ikastetxeetan egingo dira.