Kargatzen...
Itxi

Koronabirusa

Covid-19a detektatzeko testak errezetarik gabe erosi ahalko dira farmazietan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Antigeno testak edo antigorputzak detektatzeko probak farmazietan errezetarik gabe saltzea ahalbidetuko duen legea tramitatzen hasi da Osasun Ministerioa.

Una prueba de PCR. Foto de archivo: EFE

Covid-19a detektatzeko testak farmazietan medikuaren errezetarik gabe saldu ahal izateko lege-dekretua tramitatzen hasi da Espainiako Osasun Ministerioa.

Otsailaz geroztik, Madrilgo erkidegoko farmazietan eta hortz kliniketan antigeno testak egiten dituzte, betiere medikuaren errezetarekin. Osasun Zerbitzuak intzidentzia tasa metatu handia duten zonaldeetako bizilagunei SMS mezuak bidaltzen dizkiete testa egiteko hitzordua emateko.

Antigenoen testak farmazietan egiteko baimena eman zezala eskatu zion Isabel Diaz Ayusoren Gobernuak Osasun Ministerioari, sintomarik gabeko positiboak ahalik eta azkarren detektatzeko asmoz.

Osasun Ministerioak, baina, baheketa masiboetan laguntzeko soilik baimendu zuen testak farmazietan egitea. Frantzian, Austrian, Holandan eta Portugalen posible da farmazietan testak errezetarik gabe erostea.

Orain, Osasun Ministerioak estrategia aldatuko du, herritarrei testak erosteko aukera emanda, "ospitaleetako presioa arintzea eta positiboak azkarrago detektatzea" ahalbidetuko dela iritzita.

Lege berriaren zirriborroa joan den ostiralean argitaratu zuten eta maiatzaren 13ra bitartean zuzenketak egiteko aukera egongo da.