ALARMA-EGOERAREN AMAIERA
Urkulluk esan du "berme juridikoak" dituzten neurriak baino ez dituela onartuko
N. B. | EITB MEDIA
Lehendakariaren esanetan, gizarteak "ezin du helegiteen ziurgabetasunera arriskatu", eta, beraz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren bermea duten neurriak baino ez ditu jasoko dekretuak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, bihar sinatuko duen dekretuan jasotzen diren neurriek berme juridiko "nahikoak" izango dituzte; izan ere, bere gobernuak eta EAEko gizarteak "ezin dute erabaki gabeko garaietara eta helegiteen ziurgabetasunera arriskatu".
Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan egingo duen osoko bilkurara iritsi denean egin ditu adierazpenok lehendakariak, kazetarien galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritza datorren iganderako prestatzen ari den dekretuaren inguruan, alarma-egoera bertan behera geratzen denean.
Dekretu horren zirriborroa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusira bidali dute dagoeneko, eta atzo Fiskaltzak adierazi zuen ez zuela onartzen Euskadiko eta udalerrietako itxitura perimetralak judizialki baimentzea, ez eta 22:00etatik 06:00etara bitartean etxeratzeko agindua ematea ere.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak bilera egingo du gaur Fiskaltzaren txostenari buruz eztabaidatzeko, eta, aurreikuspenen arabera, bihar emango du bere erabakiaren berri, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea arratsaldean bildu aurretik. Bertan, dekretu hau behin betiko itxiko da lehendakariak sinatu aurretik.
"Beti errespetatu dut auzitegiek esaten dutena. Fiskaltzaren jarrera ezagutzen dut eta ez dut beste ezer esateko. Hartzen ditugun neurriek behar besteko bermeak izango dituzte. Zentzuzko eta arrazoitutako neurriak izango dira egungo joera kontuan hartuta", azpimarratu du Urkulluk.
Horrela, Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren bermea duten neurriak baino ez ditu jasoko dekretuan, eta, ondorioz, ez du Auzitegi Gorenera jotzeko beharrik izango. "Ezin gara erabaki gabeko garaietara, helegiteen inguruko ziurgabetasunera eta neurrien eraginkortasunaren galerara arriskatu", azaldu du lehendakariak.
Urkulluk gaineratu duenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak oraindik ez dio erantzunik eman alarma-egoera luzatzeko eskatu zion gutunari, eta, aldi berean, erantzukizunari eusteko eskatu dio gizarteari, eta espero du jarrera horrek eta txertaketak Euskadiko egoera epidemiologikoa "etorkizunean hobea" izaten lagunduko dutela.
"Ez da baldintzak biguntzeko unea"
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak ostegun honetan adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentzia-tasa metatua "oraindik oso altua" da, eta, beraz, "gutxienez", orain indarrean dauden neurri murriztaileei eutsi beharko litzaiekeela uste du.
ETB1en egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, alarma-egoera "erreminta berezia eta ezohikoa" da, oinarrizko hainbat eskubide mugatzen dituena, eta "ezin da betiko tresna gisa erabili", Espainiako Gobernuaren iritziz, autonomia erkidegoek pandemiari aurre egiteko "erreminta nahikoak" dituztelako une honetan.
Itxasok gogorarazi duenez, "horiek dira, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari kontsultatu dizkion neurriak", Iñigo Urkullu lehendakariak dekretua sinatu aurretik.
Horren harira, Euskadik gaur egun duen intzidentzia-tasa altua "alarma-egoeraren baitan" eman dela azpimarratu du, eta "alarma-egoerak gure gaitz guztiak saihesteko gaitasuna duenik ez pentsatzeko" eskatu du.
Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak azaldu duenez, Jaurlaritzak "oso ondo argudiatu, azaldu eta defendatu" beharko ditu neurri horiek, epaileek onar ditzaten, hori "zuzenbide-estatu batean funtsezkoa" delako.
Auzitegiek hartutako erabakiak "orekatuak eta proportzionalak" diren erabaki behar dutela esan du, eta, "kasu gehienetan, erabaki horiek ontzat eman dituzte, baita Euskadin ere, tabernen inguruko irizpide batzuk izan ezik", gainera du.
BIDEOA: "Oso ondo argudiatu behar dira erabakiak, epaileak onar ditzan"
Bestalde, Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaileak Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan kritikatu egin du alarma-egoera desagertzen denean indarrean dauden neurri murriztaileei buruzko azken erabakia epaileen esku geratzea, eta "Euskadin alarma-egoera mantentzeko mugitzeko" eskatu dio lehendakariari.