Alarma-egoeraren amaiera
EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin ditu itxiera perimetralak eta etxeratze agindua
EIDER GARAIKOETXEA | EITB MEDIA
Udalerrietako eta erkidegoaren itxierari, biei, ezezkoa eman die Auzitegiak, baita lau pertsona baino gehiago biltzeko debekuari ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fiskaltzaren irizpidearekin bat eginda, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak baztertu egin du lurraldearen eta udalerrien itxiera perimetralak eta etxeratze aginduari eustea. Hori horrela, eta lehendakariak iragarritako asmoari jarraiki (epaileek ebatzitakoari men egitea), Euskadi irekita geratuko da igandean, alarma-egoeraren amaierarekin batera.
13:00etatik aurrera espero zen Administrazioarekiko Auzien Salaren ebazpena, eta 13:25ean ezagutarazi dute. Eusko Jaurlaritzak atzo bidali zion pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileen zirriborroa, eta hori aztertzen ibili da ordutik Luis Angel Garrido magistratuak zuzentzen duen epaimahaia.
Epaimahaiak baztertu egin ditu dekretuaren zirriborroaren 1 eta 2 puntuak. Alegia, etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara, EAEko zein udalerrietako itxiera perimetralak eta lau pertsona baino gehiagoko bilkuren debekua (kasu honetan, Fiskaltzaren irizpidetik harago joan dira epaileak).
Azken horren harira, epaileek diote, fiskalaren tesiaren kontra, muga horrek biltzeko eskubidea urratzen duela. Dena dela, zehaztapena egin du: jarduera zehatzetan (ostalaritza, kirola, etab.) mugak ezar daitezkeela, eta gogorarazi du kalean edateko bilkurak, esaterako, debekatuta daudela.
Ebazpenean argudiatzen dutenez, oinarrizko eskubideez aritzeak "zorroztasuna" eskatzen du, eta azpimarratu dutenez, gaur-gaurkoz indarrean dagoen legedi arruntaren arabera eta betiere alarma-egoera barik, autonomia erkidegoek ezin dute "oinarrizko eskubideak urratzen dituzten neurriak modu orokortuan hartu".
Egun indarrean dagoen arautegiaren errepasoa egiten du Auzitegiak bere ebazpenean. Epaileek aitortu dutenez, "osasun krisi larri honetan justifikatuta" egongo lirateke oinarrizko eskubideei eragiten dieten neurriak, baina horretarako "hori ahalbidetzen duen lege bat" egon beharko litzateke, edo, horren faltan, Espainiako Konstituzioak aurreikusitako tresnak (alarma-egoera, hain zuzen) baliatu beharko lirateke.
Jaurlaritzak bost eguneko epea du ebazpenaren kontra egiteko, berraztertze-errekurtso bidez.
Arratsaldean, behin betiko neurriak
Urkulluk iragarri zuenez, maiatzaren 9tik aurrera indarrean egongo diren neurriak epaileek babestutakoak izango dira, eta ez du Espainiako Auzitegi Gorenean helegiterik jarriko, Sanchezen gobernuak asteartean onartutako dekretuak horretarako bidea ematen duen arren.
Hala, ebazpena oinarri hartuta, lehendakariak LABI instituzionala bilduko du arratsaldean, 16:30ean, eta maiatzaren 9tik aurrera indarrean egongo diren behin betiko neurriak adostuko dituzte. Ondoren, 18:30 aldera, Urkullu bera azalduko da kazetarien aurrera xehetasun guztiak ematera (zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en).