Kargatzen...
Itxi

KORONABIRUSA

Kasuak 126raino jaitsi dira Nafarroan

EIDER GARAIKOETXEA | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hala, zazpigarren egunez jarraian 150eko langatik behera kokatu dira kutsatzeak.

Osasun langile bat PCR proba bat egiten. Artxiboko argazkia: EFE.

Beheranzko joerari eutsi dio beste egun batez Nafarroak, 126 kutsatze atzeman baititu, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Zehazki, atzokoan 2.007 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 690 gutxiago) eta horietatik % 6,3 positibo izan ziren. Positibotasun tasa ia puntu eta erdi jaitsi da, horrenbestez (% 5ean zegoen).

Bezperan baino zortzi kasu gutxiago dira. Jaitsiera handiagoa da duela astebete zenbatutako 145 positiboekin alderatuta (-19) eta are handiagoa, duela 14 eguneko 186ekin alderatuz gero (-60).

Caparroson atzeman dituzte kutsatu gehien: bederatzi. Tuteran eta Barañainen, zortzina positibo atzeman dituzte, eta Mutiloan, zazpi. Azkenik, Iruñeko Txantrea, Donibane eta Mendillorri auzoetan zortzina zenbatu dituzte.

Koronabirusaren intzidentzia handiagatik perimetralki itxitako herriei dagokienez, Funesen larunbatean altxatuko dute debekua baina Etxarri Aranatzen eta Lakuntzan beste astebetez luzatuko dute, maiatzaren 13ra eta 15era arte, hurrenez hurren.

Maria Chivite Nafarroako presidenteak gaur nabarmendu duenez, "deseskalatze zuhur, progresibo, mantso eta segurua" egingo dute maiatzean. Indarrean izango diren neurri murriztaileei dagokienez, etxeratze aginduari eutsi nahiko liokete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)