Itxi

KORONABIRUSA

Ospitaleetako egoera arindu egin da EAEn eta intzidentziak behera egin du berriro

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ostegun honetan 173 pertsona zeuden zainketa intentsiboetan eta 400 gela arruntetan. Intzidentzia metatua 462 kasura jaitsi da, eta R0 0,86ra. Azken orduetan 619 positibo gehiago atzeman dituzte EAEn.

Osasun langileak EAEko ospitale batean. Argazkia: EFE.

Euskadiko ospitaleetan beherakada handia izan da azken orduotan covid-19a duten gaixoen okupazioan. Gainera, intzidentzia-tasa metatuaren beheranzko joerak jarraitzen du, baita R0rena ere.

Pandemiaren bilakaera positibo hori asistentzia-egoeran islatzen ari da. 35 gaixo gutxiago daude Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan.

Zainketa intentsiboko unitateetan pertsonen kopurua 173ra jaitsi da (asteazkenean baino 10 gutxiago) eta gela arruntetan daudenak 400 dira, 25 gutxiago. Gainera, atzo 66 pertsona ospitaleratu zituzten; egun bat lehenago 50 izan ziren.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera, atzo 9.326 test diagnostiko egin zituzten, eta 619 pertsonak eman zuten positibo, aurreko egunean baino 54 gutxiagok; beraz, positibotasuna % 6,6ra igo da.

619 kutsatze berrietatik 321 Bizkaian atzeman dituzte, 222 Gipuzkoan, 70 Araban eta sei autonomia erkidegotik kanpo bizi direnen artean.

Datu horiekin, Euskadin, intzidentzia metatua 462,65 kasura jaitsi da 100.000 biztanleko 14 egunetan, aurreko egunean (478,97) baino 16 puntu gutxiago.

Jaitsiera hori orokorra izan da hiru lurraldeetan: Araban, 306,47 kasu izan dira (bezperan baino 14 gutxiago); Bizkaian, 434,80 (9 gutxiago); eta Gipuzkoan, 563,53 (29 gutxiago).

Hiru hiriburuetan ere bilakaera ona izan du tasak: Gasteizen 234,33 kasu metatu dira bi astetan, Bilbon 511,14 eta Donostian 544,43.

Gainera, oinarrizko birsorkuntza tasak behera egiten jarraitzen du, eta 0,86an dago, aurreko eguneko 0,87aren aldean.

Araban, R0k apur bat gora egin du berriro, 0,82tik 0,84ra; Bizkaian, 0,95etik 0,94ra jaitsi da; eta Gipuzkoan, azken sei egunetako beherakadak jarraitzen du, 0,77an baitago.

Hezkuntza Sailak pandemiaren inguruko datuak eguneratu ditu ikastetxeen sarean, eta ez dago pandemiaren ondorioz jarduera presentziala erabat etenda duen ikastetxerik.

Ostiral honetan 108 ikasgela itxi dituzte, ostegunean baino bi gehiago, 69 ikastetxetan, aurreko egunean baino bat gehiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (5)