Itxi

DESESKALATZEA

Hauek dira erkidego bakoitzean indarrean dauden neurriak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Maiatzaren 9an alarma-egoera bertan behera gelditu ostean autonomia erkidego gehienek etxeratzeko agindua eta itxiera perimetrala kendu dituzte.

Benidormeko Levante hondartza, ia hutsik. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak ezarritako alarma-egoera bertan behera gelditu ostean, koronabirusaren hedatzeari aurre egiteko neurri murriztaile batzuk desagertu egin dira eta beste batzuk, ostera, bere horretan mantendu dira. Hala ere, egoera ez da berdina autonomia erkidego guztietan.

Gehienek, ordea, etxeratzeko agindua kentzea eta itxiera perimetrala altxatzea erabaki dute.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Zer egin ahal da eta zer ez Nafarroan?

Andaluzia

Andaluziako Juntak erkidegoko mugak zabaldu ditu eta etxeratzeko agindua altxatu du. Gainera, sei pertsona baino gehiagoko bilerak egin ahal dira eremu pribatuan.

Ostalaritzaren itxiera ordua 24:00etara atzeratu du, eta ia urtebeteren ondoren gaueko ostalaritzak 02:00ak arte zabaldu ahal du.

Aragoi

Aragoik etxeratzeko agindua eta erkidegoaren itxiera perimetrala bertan behera uztea erabaki du.

Dena dela, konfinamendu perimetralari eutsiko diete dagoeneko indarrean dagoen udalerri eta eremuetan.

Funtsezkoak ez diren jardueren eta ostalaritzaren itxiera ordutegiak mantendu egingo dira: 3. alerta mailara arte, 22:00etan; 3. alerta mailatik gora, 20:00etan.

Asturias

Asturiasek ere erkidegoko mugak ireki ditu.

Asturiasko Gobernuak sistema berri bat diseinatu du. Horren arabera, ezingo ditu kontzejuak itxi, baina bai, ordea, intzidentzia metatu altua duten auzoak edo herriak. 

Jende topaketak egiteko debekua eta itxiera perimetrala ere, bertan behera gelditu dira.

Tabernen barrualdean afariak eman ahalko dituzte, mahai bakoitzean gehienez ere sei pertsonarekin. Itxiera ordutegia 01:00a arte zabaldu dute. Hala ere, ezingo dute barran zerbitzatu.

Balearrak

Balear Uharteetako Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJIB) etxeratzeko agindua 23:00etatik 06:00etara mantentzea babestu du. Uharteetarako joan-etorriak justifikatu egin behar dira, eta, behar izanez gero, osasun kontrolak egingo zaizkie. Halaber, gehienez ere sei pertsona elkartu ahalko dira, barrualdean zein aire librean.

Kantabria

Kantabrian etxeratzeko agindua, itxiera perimetrala eta pertsonen arteko bilerak mugatzen zituzten neurriak bertan behera gelditu dira. 

Hala ere, Gobernuak neurri zehatzak hartu ahalko ditu udalerrietan, pandemiaren bilakaeraren arabera. Ostalaritzari dagokionez, aldaketarik ez: ezingo dute barnealdean zerbitzatu eta edukierak bere horretan mantenduko dira.

Gaztela eta Leon

Gaztela eta Leonek etxeratzeko agindua eta erkidegoaren konfinamendu perimetrala kendu ditu. Gainera, ostalaritza ixteko ordutegia 24:00ak arte zabaldu da. Halaber, tabernen barnealdea itxiko du 100.000 biztanleko 150 kasu baino gehiago dituzten udalerrietan.

Gaztela-Mantxa

Gaztela-Mantxan etxeratzeko agindua eta erkidegoaren konfinamendu perimetrala bertan behera geratu dira.

Katalunia

Generalitateak etxeratzeko aginduaren eta itxiera perimetralaren amaiera iragarri ditu. Hala ere, bilera sozialak sei pertsonara mugatzea erabaki du.

Gainera, jatetxeen ordutegia 23:00ak arte luzatu du eta mahai bakoitzean gehienez ere lau pertsona eseri ahalko dira.

Kanariak

Kanarietako Gobernuak ere ez dio etxeratzeko aginduari eta itxiera perimetralari eutsi, Kanarietako Auzitegiak bi neurri horien kontrako ebazpena eman ostean.  

Hala ere, Kanarietako Gobernuak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenaren aurrean.

Madrilgo Erkidegoa

Ez dago etxeratzeko agindurik, eta taberna eta jatetxeek 24:00etan itxi ahalko dute.

Valentziako Erkidegoa

Generalitateak etxeratzeko aginduari eutsi dio (00:00 - 06:00), baina itxiera perimetrala altxatu du.

Gainera, ezingo dira 10 pertsona baino gehiago elkartu ez eremu publikoan eta ezta eremu pribatuan ere, bizikideak diren kasuan izan ezik.

Extremadura

Ez da ez etxeratzeko agindurik ezta itxiera perimetralik maiatzaren 9tik. Gainera, ostalaritza ixteko ordutegia gauerdira arte atzeratu dute.

Galizia

Etxeratzeko agindua eta erkidegoaren itxiera perimetrala ezerezean utzi ditu Galiziako Xuntak. Gainera, ostalaritzako ordutegiak zabaldu ditu.

Errioxa

Itxiera perimetralari eta etxeratzeko aginduari amaiera eman dio Errioxako Gobernuak. Gainera, ostalaritza ixteko ordutegia 24:00ak arte luzatu da.

Murtzia

Murtziako Gobernuak bertan behera utzi ditu etxeratzeko agindua eta lurraldearen itxiera perimetrala. Ostalaritzako ordutegia zabaldu dute 06:00etatik 00:00etara.

Albisteak (1)