Alarma egoeraren amaiera
Zer egin ahalko da eta zer ez Euskadin, igandetik aurrera?
EITB MEDIA
Hauek dira alarma egoera amaitzearekin batera, igandetik aurrera, EAEn indarrean egongo diren neurriak.
Euskadin dagoeneko argitu da alarma egoeraren ostekoa nolakoa izango den, Eusko Jaurlaritzak igandetik aurrera indarrean izango diren murrizketak iragarri baititu.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen LABI instituzionalak bete egin ditu EAEko Auzitegi Nagusiaren irizpideak, eta Gasteizko Gobernuaren dekretu berriak baztertu egingo ditu itxiera perimetralak (bai herrietakoak, bai erkidegokoa) eta etxeratze agindua. Bileren mugak ere utziko dituzte bertan behera, baina, kasu honetan, ñabardura batzuekin.
Neurriak igandean sartuko dira indarrean, larunbatetik iganderako gauerdian hain zuzen ere, eta hiru aste iraungo dute. LABI maiatzeko azken egunetan bilduko da berriro, eta orduan egoera aztertuko du.
EGIN AHALKO DENA
- Euskadi osotik libre mugitzea, konfinamendu perimetral guztiak bertan behera geratuko baitira.
- Beste erkidego batera joatea. Kontsultatu hemen: Erkidego bakoitzean indarrean egongo diren neurriak.
- Kalean edozein ordutan egon, etxeratze agindua amaitu egingo delako. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak deia egin du norberak bere mugikortasuna 23:00etatik 06:00etara mugatzeko.
- Kopuru mugarik gabe beste pertsona batzuekin elkartzea, kalean zein barrualdeetan. Bi salbuespen daude: ostalaritza (lau pertsona elkartu ahalko dira gehienez mahai bakoitzean) eta kirola (6 pertsonako taldeak gehienez).
- Etxejabeen batzarra edo auzokideen bilera aurrez aurre egin ahalko da, segurtasun higieniko-sanitarioko neurriak bermatzen direnean.
- Profesionalak ez diren musika eta ahots entsegu eta jarduera kolektiboetan parte hartzea, baina Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak agindutako prebentzio-neurrien protokoloa bete beharko dute.
INDARREAN EGONGO DIREN MURRIZKETAK
- ORDUTEGIAK. 22:00etan, establezimenduak ixtea eta kultura-, gizarte- eta merkataritza-jarduerak etetea.
- OSTALARITZA. Itxiera 22:00etan. Barneko edukiera %50. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik.
- GAUEKO AISIA. Gaueko aisialdirako establezimenduak eta lokalak itxita jarraitzen dute.
- BOTILOIAK: Debekatuta dago alkohola kontsumitzea kalean, esparru publikoan nahiz "botiloiak" edo "ez jaiak" bezalako bileretan.
- GAZTETXEAK: gizarte- eta kultura-jarduerak egiteko administrazio-baimena duten lokalek jarduera horiek egin ahal izango dituzte, gehienez ere % 50eko edukierarekin, eta jarduerak 22:00etan amaituko dira. Pertsonen arteko segurtasuna mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskara nahitaez erabili beharko da. Dagokion baimenik ez duten lokalak gazteen eta antzekoen lonjen kapituluan sartzen dira, eta, beraz, itxita egongo dira.
- ELKARTE GASTRONOMIKOAK. Elkarte gastronomikoak, txokoak, lonjak eta antzekoak itxita daude.
- MERKATARITZAKO EDUKIERAK. 150 m2 baino gehiagoko establezimenduetan, %40; eta 150m2 arte, %60. Azoka txikietan, baimendutako postuen %50.
- JOKO-LOKALAK. Itxiera 22:00etan. %50eko edukiera.KULTU-LEKUAK. %35eko edukiera. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean, 30 pertsona gehienez; eta leku itxietan, 6 gehienez.
- KIROL-INSTALAZIOAK. %50eko edukiera. Aldagelak, %35. Ikuslerik ez kirol-ekitaldietan.
- KIROLA EGITEA. Aire zabalean edo barnealdean, gehienez 6. Eskola-kirola entrenamenduan eta aldagelarik gabe. Maskara nahitaez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.
- HONDARTZAK ETA IGERILEKUAK: Bainatu bitartean eta espazio jakin batean egon bitartean, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatu badaiteke, beti ere. Joan-etorriak egiteko maskara erabili beharko da nahitaez. Pertsona-taldeak ezingo dira lau baino gehiagokoak izan, eta beti errespetatu beharko dute taldeen arteko distantzia.