Itxi

Alarma-egoeraren amaiera

Ostalaritzak 22:00ak arte zabaltzeko aukera izango du Euskadin

EiTB Media

Leer en Castellano

Tabernetan eta jatetxeetan, barneko edukiera % 50ekoa izango da. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona izango dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ostalaritzak 22:00ak arte zabaltzeko aukera izango du Euskadin. LABI instituzionala arratsaldean bildu da, alarma-egoera amaitu bezain pronto ezarriko diren neurriak zehazteko.

Honenbestez, ostalaritzak ateak 22:00etan ixteko aukera izango du Euskal Autonomia Erkidegoan, igandetik aurrera, hau da, orain arte baino bi ordu lehenago.

EAEko Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren dekretu zirriborroaren aurka azaldu ondoren, LABIren aholku batzordeak neurri sorta onartu du arratsaldean.

Tabernetan eta jatetxeetan, barneko edukiera % 50ekoa izango da. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona izango dira, eta nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik.

Mugikortasunari dagokionez, bertan behera geratzen dira itxiera perimetralak eta etxeratze agindua. Hala ere, gaueko mugikortasuna 23:00etatik 06:00etara “automugatzea” gomendatu du LABIk.

Bileratan, bertan behera geratzen da pertsonak elkartzeko muga, ostalaritzan eta kirolean izan ezik. Hala ere, 4 pertsona baino gehiagoren bilkurak saihestea gomendatzen da.

Oro har, 22:00etan establezimenduek itxi behar dute, eta kultura-, gizarte- eta merkataritza-jarduerak eten.

Merkataritzako aforoei dagokionez, 150 metro karratu baino gehiagoko saltokietan, % 40koa izango da; eta 150 metro karratura arte, % 60koa. Azoka txikietan, baimendutako postuen % 50a izango da.

Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoek itxita jarraituko dute. Gaueko aisialdiari dagokionez ere, gaueko aisialdirako establezimenduek eta lokalek itxita jarraitzen dute.

Mugikortasuna "borondatez eta kontzienteki" mugatzen jarraitzea eskatu die Urkulluk herritarrei

Joko-lokalek ere 22:00etan itxi beharko dute, eta aforoa %50ekoa izango da.

Kultu-lekuek % 35eko edukiera izango dute. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean, 30 pertsona gehienez; eta leku itxietan, 6 gehienez.

Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloa beharko dute Musika- eta ahots-jarduerek.

Azkenik, kirol-instalazioek % 50eko aforoa izango dute. Aldagelek,  % 35ekoa. Ikuslerik ez da izango kirol-ekitaldietan. Kirola egiteko, aire zabalean edo barnealdean, gehienez 6 pertsona bildu daitezke. Eskola-kirola entrenamenduan eta aldagelarik gabe posible izango da. Maskara nahitaez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.

LABI osteko agerraldian, mugikortasuna “borondatez eta kontzienteki” mugatzen jarraitzea eskatu die Iñigo Urkulluk herritarrei.

Alarma-egoeraren amaierak eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak dekretu berria baldintzatu dutela onartu du lehendakariak.

“Erkidego ezberdinetan neurri berdinek guztiz kontrakoak diren erabaki judizialak eragitea gizarteari azaltzea eta ulertaraztea oso zaila da”, azpimarratu du buruzagiak.

Albisteak (7)

Bideoak (1)