Koronabirusa
Urkulluk osasunaren aldeko konpromisoa eskatu du alarma egoera bukatu aurretik
EITB Media | Agentziak
Lehendakariak galdegin du “zorroztasunez mantentzeko gu geu zein ingurukoak babesteko ezarri diren neurriak”.
Iñigo Urkulluk “norbere arduraren eta konpromiso kolektiboaren alde” egiteko unea dela azaldu du. Alarma egoera bertan behera gelditzeko orduak falta direnean, lehendakariak “osasunaren zein bizitzaren” aldeko konpromisoa eskatu du, “guztion onerako”.
Urkulluk sare sozialetan bota du mezua, alarma egoera agortzear dagoela. Gauerditik aurrera, Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriak (etxeratze agindua, itxialdi perimetralak eta talde bilkura murriztuak) desagertu egingo dira, EAEko Auzitegi Nagusiak hala erabakita.
“Konpromisoaren aldeko balioak, esfortzua, irmotasuna, taldean egindako lana eta elkartasuna” mantentzeko eskatu du lehendakariak.
“Norbere arduraren alde eta guztion osasunaren alde egiteko eskatzen dut, osasunaren eta bizitzaren alde. Mantendu ditzagun gu geu zein ingurukoak babesteko ezarritako neurriak. Mantendu ditzagun orain arte zorrotz bete ditugun neurriak: maskara, eskuak garbitzea, aireztatzea, pertsonen arteko distantzia eta talde sozial itxiak”, galdegin du.
¿ #EsTiempoDeAutorresponsabilidad Pandemiaren bilakaera beheranzko fasean dago. Joera positiboa da eta sendoa. Horregaitik, hurrengo asteak funtsezkoak dira. Zorroztasunez gorde ditzagun babesten gaituzten eta ingurukoak babesteko ditugun neurri guztiak. pic.twitter.com/2hJV8MZsY7
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) May 8, 2021
Iñigo Urkulluk gizartearen jarrera goratu du, “14 hilabete hauetan egindako esfortzu handia” aipatuz. Orain “azken txanpa”n sartuta gaudela esan du, eta datozen hiru aste “erabakigarrietan” “azken esfortzu bat” egiteko unea dela azpimarratu.
Sagarduik “azken ahalegina” egiteko eskatu du
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak gizarteari “azken ahalegina” egiteko eskatu dio. Alarma egoera bertan behera geldituko den arren, lehendakariak ezarritako prebentzio eta segurtasun neurriak betetzeko galdegin du.
Gainera, sare sozialen bidez zabaldutako mezuan, Sagarduik “ez lasaitzeko” eskatu die herritarrei.
¿¿Bihar, igandea, sartuko dira indarrean Lehendakariaren Dekretuaren neurri berriak.
— Gotzone Sagardui (@GSagardui) May 8, 2021
¿Oso garrantzitsua da azken ahalegina egitea eta ez lasaitzea.
Kontrolak gauerditik aurrera
Bestalde, Segurtasun Sailak jakinarazi du maiatzaren 9ko goizaldetik aurrera Ertzaintzak eta Udaltzaingoak lanean jarraituko dutela, osasun neurri berriak errespetatu daitezen. Alarma egoerako neurri murriztaileak desagertuko diren arren, Segurtasun Sailak gogorarazi du maskara eramateak derrigorrezkoa izaten jarraitzen duela.
Hala, kontrolak egongo dira gaur gauetik aurrera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu den lehendakariaren dekretu berria beteko dela bermatzeko.