KORONABIRUSA
Kanarietan ere ez da etxeratzeko agindurik eta itxiera perimetralik egongo
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Kanarietako Gobernuak uste du ez duela horretarako babes judizialik. Gorenean sartuko duen helegitea prestatzen ari da bitartean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kanarietako Gobernuak ere ez du etxeratzeko agindurik ezarriko gaur gauean, ez baitu babes judizialik jaso estatu osoan alarma amaitzen zenean salbuespeneko neurri horrekin jarraitzeko hartu zuen erabakiak.
Era berean, Kanarietako Gobernuak ez du itxiera perimetralik egingo kutsatze indize altuko eremuetan.
Horixe aurreratu du Julio Perez Kanarietako Gobernuaren bozeramaileak gaur Gobernu Kontseiluaren premiazko bilera egin ostean. Izan ere, Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur jakinarazi du ez dagoela arrazoirik murrizketen inguruan emandako ebazpena argitzeko.
Auzitegiak azpimarratu du bere ebazpenak ez duela zalantzarako tarterik uzten, beraz, ezin dela etxeratzeko agindurik ez itxiera perimetralik ezarri artxipielagoan.
Horixe azaldu du Auztegiak Kanarietako Gobernuak atzo kaleratutako ebazpena argitzeko eskatu ostean. Izan ere, erkidegoko gobernuak alarma egoera amaitutakoan ezarri nahi zituen neurrien aurka agertu zen.
Helegitea Gorenean
Bozeramaileak adierazi du Ministerio Fiskalak ere xehetasunak eskatu zituela erabakiaren inguruan, eta aretoak berretsi duenean, Kanarietako Gobernua Auzitegi Gorenean aurkeztuko duen helegitea prestatzen hasi dela.
Argitu duenez, helegitea aurkezteko epea hiru egunekoa da, eta Gorenak bost egun izango ditu erantzuteko, igandean bertan indarrean sartu zen legearen arabera.