Itxi

Palma Arena auzia

Kronologia: Iñaki Urdangarinen eta Noos Institutuaren ikerketa

Erredakzioa

Palmako dukearen inputazioa duela zortzi urte, fundazioa sortu zenean, hasitako prozesuaren azken atala da.

Otsailaren 6an deklaratuko du Urdangarinek. Argazkia: EITB

Palma Arena auziaren instrukzio epaileak Iñaki Urdangarin inputatu du Noos Institutuan izandako finantza irregulartasunak argitzeko. Palmako dukeak elkarte hori sortu zuenean, duela zortzi urte, hasitako prozesuaren azken atala da inputazioa.

Gertakariz gertakari, data esanguratsuak bilduta, hemen da ikerketaren kronologia:

- 2004ko martxoaren 24a: Iñaki Urdangarin Palmako dukea Noos Aholkularitza Estrategikoa enpresako bazkide fundatzailea da eta Noos Institutuaren presidente.

- 2004ko azaroaren 27tik 29ra: Noos Institutuak "Valencia Summit" antolatu zuen, kirol ekitaldi handiei buruzko bilera bat, eta 2005ean eta 2006an berriro antolatu zuten.

- 2005eko azaroaren 22tik 24ra: "Illes Baleares Forum"en lehenengo ekitaldia. Akademia, enpresa eta kirol munduko jendeak parte hartu zuen eta Noos Institutuak 1,2 milioi euro poltsikoratu zituen.

- 2006ko otsailaren 16a: Balearretako sozialistek Noosi emandako 1,2 milioi euroak nora joan ziren galdetu zioten Jaume Matas Governeko presidenteari.

- 2006ko martxoa: Iñaki Urdangarinek Noos Institutuaren presidente kargua utzi zuen.

- 2006ko azaroaren 22a eta 23a: "Illes Baleares Forum"en bigarren ekitaldia. Governek 1,1 milioi euro ordaindu zizkion Noos Institutuari.

- 2010eko uztailaren 22a: Jose Castro "Palma Arena" auziko instrukzio epaileak Balearretako Gobernuak Noos Institutuari egindako ordainketengatik beste auzibide bat ireki zuen.

- 2010eko azaroa: Compromis taldeak eta Esquerra Unidak Noos Institutuarekin egindako kontratu batzuengatik galdetu zioten Valentziako Gobernuari.

2011

- Uztailak 11: Diego Torres Noos Institutuaren presidenteordeak Castro epailearen aurrean deklaratu zuen.

- Azaroak 7: Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak Noos Institutuaren egoitza miatu zuen Bartzelonan, eta baita horri lotuta beste hiru enpresa ere. Polizia Judizialak Valentziako Generalitatearen hainbat egoitza miatu zituen egun berean Noos Institutuarekin egindako kontratuak bilatzeko.

- Azaroak 9: Erret Etxeak epaitegien erabakiak errespetatzen dituela adierazi zuen Noos Institutuaren ustezko irregulartasunen lehen idatzia zabaldu zenean.

- Azaroak 11: Iñaki Urdangarinek bere "errugabetasuna eta duintasuna" babestuko zituela adierazi zuen Washingtonetik.

- Azaroak 18: Jaume Matasek Palma Auziko epaitegira jo zuen Noos Institutuari buruzko filtrazioak salatzeko.

- Azaroak 21: Jose Castro epaileak atzera bota zuen Matasek filtrazioengatik aurkeztutako salaketa.

- Azaroak 28: SGAEri atzemandako dokumentuei esker, Noos Institutuari 2005 eta 2010 artean 750.000 euroko ordainketak egin zizkiotela jakin zuten.

- Azaroak 30: PSM-IV-ExM talde parlamentarioak Noos Institutuarekin eta beste enpresa batzuekin sinatutako kontratuak eskatu zizkion Balearretako Governi.

- Abenduak 2: Jose Manuel Aguilar eta Jorge Vela Valentziako Arte Hiriko presidente ohiak inputatu egin zituzten Noos Institutuaren ikerketaren harira.

- Abenduak 3: Sumarioan agertzen diren fakturen arabera, Balearretako Governek 445.000 euro ordaindu zizkion Noosi Kirolaren eta Turismoaren Behatoki Iraunkorra sortzeko, baina ez zen sortu.

- Abenduak 5: Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileari Jaume Matasen eskaria errefusatzeko eskatu zion. Auzitegi Nazionalak epaitzea nahi zuen Matasek.

- Abenduak 7: "Hola" aldizkarian argitaratutako argazki batzuetan, Sofia erregina agertu zen Palmako dukeak Washingtonen bisitatzen.

- Abenduak 10: Iñaki Urdangarinek atsekabea agertu zuen berari buruzko informazioek familiari eta Erret Etxeari egin diezaioketen kaltea dela eta.

- Abenduak 12: Urdangarinen portaerak ez duela "eredugarria ematen" adierazi zuen Erret Etxeak eta ekitaldi ofizialetan parte hartzeari utziko ziola iragarri zuen.

- Abenduak 24: Erregeak, Gabon gaueko mezuan, ardura publikoak dituzten pertsonen ekintza gaitzesgarriak "epaitu" egin behar direla eta "justizia denontzat berdina" dela esan zuen.

- Abenduak 27: Erregeak hitzaldia eman zuen Diputatuen Kongresuan eta erakunde publikoekiko konfiantza berreskuratzen laguntzeko eskatu zien. Lehenengo aldiz, Elena eta Cristina infantak ez ziren ekitaldian izan.

- Abenduak 28: Erret Etxeak diru-kontuak publiko egin zituen eta Urdangarinek inoiz ez duela hortik dirurik jaso argitu zuen.

- 29 de diciembre: Noos Institutuari buruzko sumario sekretua altxatu da eta Jose Castro Palma Arena auziaren epaileak inputatu egin du Urdangarin eta otsailaren 6an deklaratzera deitu du.