GENERO INDARKERIA
Genero indarkeriaren 848 biktima izan ziren Hego Euskal Herrian 2020an
O.P. | EITB MEDIA
Genero indarkeria kasuak jaitsi egin dira EAEn eta Nafarroan. Hala ere, etxeko indarkeria kasuek, Nafarroan behera egin duten arren, gora egin dute Euskadin.
2020an 848 emakume izan ziren genero-indarkeriaren biktima Hegoaldean, 2019an baino 201 gutxiago, orduan 1049 izan baitziren biktimak.
Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) argitaratutako datuen arabera, EAEn 559 kasu zenbatu dituzte, hau da, % 21,9ko jaitsiera izan da aurreko urtearekin alderatuta, orduan 716 kasu izan baitziren.
Nafarroan ere behera egin dute kasuek, 2019ko 333 kasutatik 289 kasutara (% 13,2 gutxiago).
Zifra horien arabera, 14 urtetik gorako 1000 emakumeko genero-indarkeria tasari dagokionez, behe-beheko mailetan daude Euskadi eta Nafarroa Espainiako beste autonomia-erkidego batzuekin konparatuta. Hala, Euskadik du tasarik txikiena (0,6), eta Nafarroa laugarren posturik onena da (1,0).
Haatik, gogoan izan behar da 2020an bost emakume hil zituztela gizonek Euskal Herrian, genero-arrazoiengatik. Miren Urangaren bikotekideak (56) eta Paula Mendezen aitak (24) biak hil zituzten martxoaren 11n Abanton (Bizkaia). Martxoaren 13an 74 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten Soraluzen (Gipuzkoa), bere semeak hil zuen. Abenduaren 30ean jakin zen Marian Ibarluzea 65 urteko arrasatearra bere bikotekideak hil zuela Kanarietan. 83 urteko beste emakume bat hil zuen bere bikotekideak maiatzaren 6an Angelun (Lapurdi).
Etxeko indarkeria gorantz
Hala ere, aurreko urtearekin alderatuta genero-indarkeriari buruzko datuek hobera egin duten arren, aurreko urtean covid-19ak bizikidetza eta mugikortasuna baldintzatutako urtea izanik, etxeko indarkeriaren kasuek apur bat gora egin dute EAEn, eta 391 pertsona izan dira etxeko indarkeriaren biktima (223 emakume eta 168 gizon); 2019an 386 izan ziren, horietatik 208 emakumeak.
Nafarroan, berriz, etxeko indarkeriaren biktima kopurua jaitsi egin da, 97tik 91ra.
"Etxeko indarkeria" terminoak gizon batek zein emakume batek gurasoen, seme-alaben, bikotekideen eta/edo anai-arreben aurka gauzatutako indarkeria fisiko edo psikologikoko ekintza orori egiten dio erreferentzia.
Espainiako datu orokorrak
Espainiari buruzko zifrak Guztira, Espainian tratu txar matxistak jasan dituzten emakumeen kopurua % 8,4 jaitsi zen 2020an, 29.215era arte (31.911 2019an). Jaitsiera handienak neska adingabeen artean eta pandemiak mugatutako hilabeteetan izan dira, Estatistikako Institutu Nazionalak gaur argitaratu dituen datuen arabera.
Etxeko indarkeriari dagokionez, Espainian, guztira, 8279 biktima izan ziren iaz, 5082 emakumeak eta 3197 gizonak, 2019an baino % 8,2 gehiago (7654 emakume eta 2906 gizon).