Alarma egoeraren amaiera
Kanariek itxiera perimetrala errekurrituko dute, etxeratze aginduari muzin eginda
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Gaueko mugikortasuna mugatzearen inguruko helegitea aurkeztuko balute, Auzitegi Gorenak "ezezko borobila" emango liekeela uste du Kanarietako Gobernuko presidenteordeak.
Roman Rodriguez Kanarietako Gobernuaren presidenteordeak iragarri duenez, Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera botatako etxeratze agindua ez errekurritzea erabaki dute, Gorenaren "ezezko borobila" jasoko zutelakoan. Dena dela, II. mailako egoeran itxiera perimetrala ezartzeko aukerari buruzko kasazio helegitea prestatzen ari direla nabarmendu du.
Horrela, hasieran iragarritako asmoan atzera egin du Kanarietako Gobernuak; izan ere, Kanarietako Auzitegiak Kanarietako Gobernuaren neurriak bertan behera utzi eta gero, Gorenera joko zuela iragarri zuen Exekutiboak. Canarias Radio irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, Rodriguezek aitortu du "etxeratze agindua erabilgarria" dela, baina "ezin bada", eurentzat "oso baliogarria" den beste neurri bati, alegia, espazio pribatu zein publikoetan pertsona kopurua mugatzeari, helduko diotela erantsi du.
Tokiko auzitegiek bertan behera utzi dute hainbat erkidegotako gobernuek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, besteak beste, proposatutako etxeratze agindua. Bi kasuetan, neurria "gehiegizkoa" eta "orokorregia" dela ebatzi dute epaileek, argudiatuta indarrean dagoen legediarekin erkidegoek ezin dutela oinarrizko eskubideak urratzen dituen neurririk hartu.
Egon badago ebazpen horien kontra Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkezterik, horretarako bidea eman baitzuen Espainiako Gobernuak dekretu bidez, baina EAEk eta Nafarroak baztertu egin dute aukera hori.