ibilaldia 2021
Osasun-egoerara egokituta ospatuko da Sopelan Ibilaldia datorren maiatzaren 30ean
Olatz Prat | EITB MEDIA
Ander Deuna eta Betiko ikastolek elkarlanean antolatuta, lau gune diseinatu dituzte baina ez da ohiko ibilbiderik izango eta izena eman beharko da antolatutako jardueretan parte hartu ahal izateko.
Egoeraren beharretara egokitutako Ibilaldia izango da aurtengoa baina betiko helburu eta ilusioa izango ditu ardatz, "euskararen eta euskal kulturaren plaza izatea eta ikastoletan lantzen diren balioei babesa ematea, berdintasuna, elkartasuna, jasangarritasuna, hezkidetza eta auzolana, besteak beste". Ibilaldia 2021 Betiko Ikastolak eta Ander Deuna Ikastolak antolatu dute, eta maiatzaren 30ean egingo dute, Sopelan (Bizkaia), Kalakalata! lelopean. Euskararekin eta euskararen alde bustitzeko deia.
Halaxe azaldu dute gaur goizean Bilbon egindako aurkezpenean Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakariak, Koldo Tellitu Betiko Ikastola eta Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Xabier Ugalde Ander Deuna Ikastolako zuzendariak.
2021eko Ibilaldiak ez du ibilbiderik izango, ez janari ez edari zerbitzurik, ez eta kontzertu erraldoirik ere. Halere, lau gune nagusi diseinatu dituzte eta haietan bina aktibitate mota egingo dira: batetik, parte hartze zuzena eta aktiboa eskatzen duen aktibitateak, tailer formatuan, eta bestetik, ikusi edo entzunez gozatzeko ikuskizuna.
Parte-hartzaileen osasun eta segurtasuna ahalik eta gehien zaintze aldera, aurten jendea ezingo da gune batetik bestera mugitu eta Ibilaldia egunean gune horietara sartu ahal izateko eta antolatutako ekintzetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea Ibilaldiaren webgunean.
Ekimenean parte hartu ez, baina Bizkaiko Ikastolak lagundu nahi dituztenentzako ekarpenetarako kontu korronte bat jarri du edonoren eskura Ibilaldia Elkarteak.
Lau elementu, lau gune
Naturako oinarrizko lau elementuen izen eta ezaugarrietatik abiatuz antolatu dituzte lau guneak: Sua, Ura, Haizea, Lurra.
Sua gunea Ander Deuna Ikastolan bertan kokatuko da eta bertan egingo dute hasiera ekitaldia. 09:15ean emango zaio hasiera eta, ohi bezala, instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izango dira bertan (horientzat mugatuta egongo da sarrera). Ekitaldi honetan, Ander Deuna eta Betiko ikastolek lekukoa pasatuko diote 2022ko Ibilaldiko antolatzaile izango den Bilboko Abusu ikastolari.
Hasiera ekitaldiaren ondotik jarduerei ekingo diete; Sua gunean orientazio eta dantza tailerrak eskainiko dituzte. Gainera, DEABRU BELTZAK ikuskizunaz gozatu ahal izango da bertan.
Ura gunea Barinetxeko goiko aparkalekuan kokatuko da, hondartza gainean. Itsasoari begira eskuineko aldean.Haurren hondartza tailerrak izango dira bertan. Horrez gainera, munduko beste herri batzuetako kultura eta zehazki Saharar herriarena ezagutzeko jarduerak izango dira, Bizkaiko ikastoletako Lehen Hezkuntzako ikasgeletan landu duten gaia biribiltzeko. Bestetik, haurren hondartza diseinatuko dute umeek eta ur-jolasak ere izango dira hondartzan. Gune honetako ikuskizuna zehazteke dago oraindik, baina, urarekin zerikusia duen zerbait izatea nahiko lukete antolatzaileek.
Haizea gunea ere Barinetxeko goiko aparkalekuan jarriko dute, kasu honetan itsasoari begira ezkerreko aldean. Gune honetan irrintzi eta perkusio tailerrak izango dira eta Turutukupa ikuskizunaz gozatuko dute bertaratzen direnek.
Lurra gunea Larrabasterrako Urgitxieta plazan eta inguruan kokatu dute. Bertan talo eta Tai Txi tailerrak izango dira eta “GORA KASETE” ikuskizuna eskainiko dute.
Lau gune horiez apartek, 25 postu inguruko azoka ipiniko dute Sopelako udaletxeko plazan. Hara sartzeko ez da izena eman beharrik izango.
Ekintza osagarriak
Ibilaldia egun handia maiatzaren 30ean ospatuko bada ere, horren aurreko naiz osteko asteburuetan ere izango da ekitaldirik Ibilaldia 2021 egitarauaren barruan.
Maiatzaren 22an, hain zuzen ere Komunitatearen Deiadarra ekimena egingo dute, hiru jarduera nagusirekin: Batetik, Euskal Herri osoko ikastolen jaietan egiten ari direnen haritik, Euskal Jokoen Topaketa egingo dute. Ikastola komunitateko helduen taldekako lehia, euskal jokoak oinarri hartuta.
Horren atzetik, irrintziz lotuko dituzte Ander Deuna eta Betiko ikastola banatzen dituzte 8 kilometroak, hirunakako taldetan antolatuta: batek irrintzia botako du, besteak sentipenak nahieran jaso eta hirugarrenak grabatu egingo du. Eguna artean zehaztu gabe dagoen ekitaldi batekin itxiko dute.
Bestetik, ekainaren 5ean egingo dute, azkenean, larunbat honetarako aurreikusita zegoen Burnizko Hesia topaketa. Bizkaiko eta Laudioko ikastoletako DBHko ikasleek azken hilabeteetan landu duten unitate didaktiko bati jarraituz, eta Gerra Zibileko ‘Burnizko Hesia’ aitzakia hartuz, gerra zibilak eta diktadurak gure egungo gizartearengan izan duen eragina eta utzitako ondorioak landuko dituzte taldeka. Gainera, eguna aprobetxatuz, Burnizko Hesiaren inguruan orientazio martxa bat egingo dute ikasleek.