KORONABIRUSA
Bi pertsona hil dira Nafarroan covid-19aren ondorioz, eta positiboek gora egin dute
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Zehazki, 92 kutsatze atzeman dituzte, eta, hortaz, laugarren egunez jarraian zenbatu dituzte 100 kasutik behera. Hildakoak 93 urteko emakume bat eta 66 urteko gizon bat dira.
Nafarroan bi pertsona hil dira covid-19aren ondorioz eta atzo beste 92 positibo detektatu zituzten, 2.225 proba egin ostean. Horrela, bada, positibotasun-tasa % 4,1era igo da (% 2,5ean kokatu zen asteartean).
Bezperan baino 28 kasu gehiago dira, baina duela astebete zenbatutako 134 kutsatzeak baino gutxiago, eta duela 14 eguneko datutik (181) nabarmen urrun.
Barañain eta Tutera daude kasu gehien pilatzen dituzten udalerrien buru, seina kasu zenbatu baitituzte, eta Berriozar dago ondoren, bost kutsatzerekin. Gorraitzen, Zizur Nagusian eta Iruñeko II. Zabalgunea eta Arrosadia auzoetan, berriz, launa atzeman dituzte.
Atzo, 121 paziente zeuden koronabirusak jota Nafarroako ospitaleetan, bezperan baino 13 gutxiago, hain zuzen ere.
Atzokoan beste hiru ospitaleratze izan ziren, eta azken egunetan bi pertsona hil direla jakinarazi dute: 93 urteko emakume bat eta 66 urteko gizon bat.
Pandemia hasi zenetik 1.180 heriotza eta 60.910 kutsatzen izan dira Nafarroan.