Transexualitatea
Transexualitateaz ari garenean egiten ditugun hamar akats
Berezi Fernandez | EITB Media
Naizenek, adingabe transexualen familien elkarteak, transexualitateari buruzko hiztegia egin du, eta hitzak zuzen erabiltzeko hainbat gomendio bildu ditu bertan.
Erabiltzen ditugun hitzek zentzua ematen diote egiten eta sentitzen dugunari. Transexualitateaz —eta haur transexualez, bereziki— ari garenean, gauzei izen egokia emateak bestelako dimentsio bat hartzen duela esan daiteke. Hala, prozesuez, genitalez edota munduan egoteko moduaz hitz egiteko termino desegokiak erabiltzeak pertsonen bizipena bera ere erabat baldintzatu dezakete.
Egunerokoan barra-barra erabiltzen diren hitz ezegokiak alde batera uzteko, eta "ulermena zailtzen duten zenbait adierazpen" argitze aldera, Naizen elkarteak adiera ez zuzenen zerrenda osatu du, "pertsona batzuentzat iraingarriak eta mingarriak" diren hitzok saihesteko. Gainera, berba oker horiek ordezkatzeko alternatibak proposatzen dituzte, baita "positiboki hitz egiteko" hainbat formula.
1. Okerreko gorputzean jaiotako mutilak edo neskak. "Nola izango da okerra norbaiten gorputza, norberarena?", galdetu digute Naizenetik. Nola erakutsiko diegu gure haurrei euren gorputzekin gustura egotea zein garrantzitsua den gorputz zuzenak eta okerrak —onak eta txarrak, ohikoak eta ezohikoak, onartuak eta ukatuak— daudela esaten badugu? Elkarteko profesionalek argi diote: "Okerrekorik bada, izatekotan, gizartearen begirada izango da, gainerakoen begirada: aurreiritziz beteriko begirada hori".
2. Mutila izan nahi duen neska. Identitatea ez da nahi bat, ez da desio dugun zerbaiten atzetik aritzea, ezta lortu beharreko ezer ere. Identitatea garena da, horregatik, "neska edo mutila izatea ez da nahi kontua, ez da aukeratzen", argitu dute Naizenen ordezkariek. "Ez da ‘izan nahi dudana’, baizik eta ‘naizena’". Gainera, haurrekin egin duten lana tarteko, honako ondoriora iritsi dira: "Mutil eta neska hauek nahi dutena zera da: benetan diren mutil edo neska bezala ikus ditzatela. Ez da ‘mutila izan nahi dut’, baizik eta ‘gainerakoek mutila naizela onartzea nahi dut’".
3. Neska sentitzen den mutila. Naizenen glosarioan irakur daitekeenez, "neska sentitzen bada, neska dela badaki, eta ez da mutila izango, neska baizik". Horrelako esapideak erabiltzean, baina, "hitz egiten duenak egiten duen suposizioa egiatzat hartzen du", pertsona transexualaren identitatea "ezbaian jarriz" eta "gutxietsiz".
4. Mutilaren gorputza duen neska. Aurreko bi esaldiekin gertatzen den moduan, honako hau esatean, parean dugun pertsonaren esperientzia gure irizpideen arabera epaitzen ari gara. "Neska bada, neskaren gorputza du", azaldu dute elkarteko kideek: zakila duen neska bati buruz ari bagara, "zakila izango du (mutil gehienek bezala), baina bere zakila neskarena izango da".
5. Sexu biologikoa. Hitz horiek esatean, genitalei buruz edota kromosoma zein hormona mailari buruz ari gara gehienetan. Lotura hori, baina, ez da zuzena. Haur transexualak babesten dituen elkartearen webgunean irakur daitekeenez, asoziazio horrek "ez du kontuan hartzen, esaterako, emakume batzuek XY kromosomak eta bulba dituztela, edo XX kromosomak dituzten emakume batzuek gizonezko gehienek baino testosterona maila handiago dutela. 'Sexu biologikoaz' eta 'sexu psikologikoaz' hitz egiteak nahastea baino ez du eragiten". Aukera gisa honakoa planteatzen dute: sexuaz (eta ez genitalez) hitz egin nahi badugu, "hobe genuke subjektuari erreferentzia egitea", eta ez bere organoei.
6. Sexu aldaketa. Arestian aipatutakoaren haritik, sexu/genitale asoziazioak nahasmenera garamatza beste behin; izan ere, sexu aldaketaz hitz egiten dugunean, genitalen ebakuntzaz ari gara askotan. "Adiera hau guztiz okerra da", diote Naizenen ordezkariek. “Behin eta berriz nahastu egiten dira sexua eta genitalak. Behin eta berriz sexua ikusten uzten ez diguten genital horiek. Pertsona transexualek ez dute sexua aldatzen. Ez dute bere sexu kategoria aldatzen; aldatzen dutena (edo, gutxienez, saiatzen dira) gainerakoek esleitu dieten sexu-kategoria da”.
7. Genero identitatea. Genitalekin gertatu ohi den bezala, 'generoa' eta 'sexua' kontzeptuak ere sarritan nahasten ditugu. Sexua eta generoa ez dira sinonimoak, ezta sexu identitatea eta genero identitatea ere, eta ezin dira hala irakurri. Naizeneko profesionalen hitzetan, "generoak sexu batekoa edo bestekoa izateagatik gizartearen espektatiba eta inposaketei erantzuteko balio badu, kontraesana dirudi inposaketa horiei erlazionatuta identitateari buruz hitz egitea. Nire identitatea, ni naizena, inposaketa horiek baldintzatzen dute, baina ni ez naiz inposaketa horiek".
8. Gizonak, emakumeak eta transexualak (edo hirugarren sexua). Pertsona transexualak emakume eta gizon kategorietatik aldentzeak arazoak sortzen ditu. Naizenen argitalpenean irakur daitekeenez, "emakume transexualak emakumeak dira, eta gizon transexualak, gizonak". "Termino hauekin haien identitatea ukatzen da, eta sufrimendua indartu", elkarteko kideen esanetan.
9. "Noiz konturatu zinen transexuala zinela?". Bea Sever Naizen elkarteko kide eta sexologoak galdera hori sahiestea eta honakoa egitea proposatzen du: "Noiz erabaki zuen zure inguruak neska edo mutila zarela sinestea?". Edo beste hau: "Noiz aldatu zuen zure inguruak zuganako zuen begirada?".
10. Transexuala erabiltzea, pertsonez ari garenean. "Transexuala" izenondoa da, ez izena. Horregatik, pertsona transexualen inguruan ari garenean, nahitaezkoa da aurretik izena jartzea: pertsona, neska, mutil edo haur transexualez aritzea, alegia.