Itxi

Presoak

Artolazabal: "Jaurlaritzak 'Aukerak' gizarteratze agentzia jarriko du martxan"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak iragarri duenez, presoei gizarteratzea eta laneratzea errazteko beharrezkoak dituzten zerbitzuak eta baliabideak eskainiko dizkiete.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzak urriaren 1ean hartuko du bere gain espetxeen kudeaketa. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak astelehen honetan Radio Vitorian iragarri duenez, bere Sailak presoen enpleguaz arduratuko den elkarte publiko bat sortuko du. 'Aukerak' izeneko agentzia horrek prestakuntza eta gizarteratzeko aukerak eskainiko dizkie presoei, enplegutik abiatuta.

Sailburuaren ustez, "birgizarteratzeari eta justizia leheneratzaileari heltzeko aukera" dute. Horretarako, espetxeetan lan egiten duten pertsonek eta askatasunik gabe daudenek izan behar dutena "helburu horiek lortzeko tresnak" direla gaineratu du.

Adierazi duenez, espetxeetako funtzionarioak "gure zereginaren zati oso garrantzitsua izango dira, haiek gabe ezin ditugulako egin nahi ditugun aldaketa guztiak". Artolazabal sindikatuekin bildu da "kezkak bertatik bertara ezagutzeko", eta onartu du "aldaketa orok beldurra" sortzen duela, "nahiz eta aldaketa horrek hobera egin". Hori dela eta, hasieran "ziurtasuna eta lasaitasuna" sortu behar direla esan du.

Zentzu horretan, "funtzionarioen baldintzak gutxienez orain dituztenak izango dira eta, gainera, hobetzen joan beharko dugu", gaineratu du. Gainera, presoek "ibilbide hori egin ahal izateko eta berriz ere gizartean integratzeko tresna batzuk eskura izateko aukera" izango dutela azpimarratu du, "dituzten gabezia horiekin, baina gabezia horiek gainditzeko jarriko dizkiegun tresnekin".

ETAko presoak

Euskal espetxeen kudeaketa Euskadik bere gain hartu ostean ETAko presoen harira har daitezkeen neurrien inguruan egindako kritikak direla eta, Beatriz Artolazabalek esan du ez dakiela arazoa "zer egin nahi dugun azaltzeko gai ez garela" edo "zer egin nahi dugun entzun nahi ez izatea" den.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak "EAEko espetxeetan preso dauden pertsona guztien alde" lan egingo duela berretsi du. "Jakin badakigu pertsona bakoitzak, eskainiko diegun tratu indibidualizatu horretan, tresna batzuk beharko dituela lan egin ahal izateko, espetxeetatik irtetera bideratuz, eta badirudi batzuek pertsona-kolektibo jakin batean soilik jarri nahi dutela arreta, Euskadin preso dauden pertsonen % 5era ere iristen ez den kolektibo batean, guk une honetan daudenen edo etor daitezkeenen ikuspegi orokorra daukagunean", adierazi du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)