BERDINTASUNA
Jai-eredu 'parte-hartzaileagoa eta parekideagoa' sustatu nahi du Emakundek
A. S. | EITB MEDIA
EAEko bederatzi herritan emakumeen parte-hartzea sustatzeko neurriak aztertu dituzte txosten batean.
Emakundek txosten bat egin du tokiko jaietan eredu-aldaketa sustatzeko, ospakizun horiekin lotutako tradizioei eta balioei eustea eta jaiegun horietako batzuetan oraindik ere emakumeari dagokionez dauden jardunbide "diskriminatzaileak" desagerraraztea bateragarri egiteko.
'Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko herriko jaietan parte hartzeko estrategiak' izena du Emakunderen txostenak, eta bederatzi euskal udalerritan eman diren aldaketa-prozesuak aztertzen ditu.
Lanaren helburua jaien eredu "parte-hartzaileagoa eta parekidagoa" garatzeko estrategiak eta gomendioak identifikatzea da, Emakundek ohar batean jakitera eman duenez.
Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia, Tolosa eta Antzuola hartu ditu adibide gisa, eta udalerri hotietako jaietan egin diren aldaketak ikertu dituzte. Abiapuntua, berriz, honako hau da: "Jai-balio, -tradizio eta -ohituren transmisioak ez du aitzakia izan behar diskriminazio-jardunbideei eusteko".
Ezinbesteko erronka
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak esan du jaiak berdintasun baldintzetan eguneratzea "ezinbesteko" erronka dela justizia soziala bermatzeko. Hala, ikerketan jasotako esperientziak "pizgarri izango dira beste herri batzuek ere beren jaiak gure garaiko errealitate sozialera egokitzeko", gaineratu du.
Margaret Bullenek, Lidia Montesinosek eta Begoña Pecharromanek egindako txostenak udalerri batzutako jaiak aztertu ditu, lurralde historiko bakoitzeko hiru, eta egokitzapen-prozesu bati ekin diote, emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartzea ahalbidetzeko.
Aztertutako aldaketa-prozesuak honako hauek dira: jaietako antolakuntzan eta jardueretan parekotasuna sustatzeko ekintzak eta genero-estereotipo "oso markatuak" erreproduzitzen dituzten pertsonaiak eraldatzea.
Hainbat adibide
Aztertutako aldaketa-prozesuak lurralde historiko bakoitzeko hiru adibideri dagozkie. Araban, Gasteizko Blusen eta Nesken Batzordeak berdintasun-taldea sortzeko egindako lana nabarmendu da.
Era berean, Amurrioko San Joan jaien aldaketari heltzeko sortutako erakunde arteko mahaia baloratu da, baita Laudioko inauterietan egin den aurrerapausoa ere; izan ere, sorginaren figura tradizionalari eutsi zaio, baina ikur positibo bihurtuz.
Bizkaian, berriz, Bilboko Aste Nagusian Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren konpartsa jarri da oinarri, eta aldarrikapen feministak jai herrikoi anitzetarako ardatz izan daitezkeela erakusten duen "erreferente" bat dela egiaztatu da.
Gainera, Berrizko Dantzari Dantzan emakumeen parte-hartzean adostasuna lortzeko prozesu parte-hartzailea nabarmendu da. Antzeko kasua da Gernikako Marijesena ere, herritarrek abesbatza misto bat osatu baitute.
Gipuzkoan, San Sebastian eguneko ekitaldietan emakumea festan sartzeko Donostiako Udalak eta Kresalak emandako bultzada nabarmendu dute.
Amaitzeko, partaidetza-prozesu baten ondoren Antzuolako Mairuaren Alardea berritzea ere aztertu dute txostean, eta Tolosako Inauteri eta San Joan jaietan egindako aldaketak ere azpimarratu dituzte.