Itxi

KORONABIRUSA

Chivitek deseskalatze "mailakatu" eta "bide-orri propiodun" baten alde egin du

O. P. | eitb media

Leer en Castellano

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak azpimarratu duenez, Foru Erkidegoko egoerak hobera egin du, baina "zuhurtzia" eskatu du, gutxienez, "artalde-immunitatea" deiturikoa lortu arte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak uste du Nafarroak "krisiari aurre egiteko nahikoa tresna" dituela eta "bide-orri propioarekin" jardungo dela, dituen baliabideen eta pandemiaren intzidentzia datuen arabera; atzo arrisku maila "altutik" maila "ertainera" pasa zen erkidegoko egoera, eta hori "oso albiste ona" dela esan du Chivitek.

Parlamentuan galdetuta, azpimarratu du beharrezkoa dela "zuhurtziaz" jokatzea deseskalatze prozesua, modu "motel, pixkanaka eta modu mailakatuan" egin behar dela hura, gutxienez "artalde-immunitatea" deiturikoa lortu arte txertoen bidez.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak etxeratze-agindua mantentzearen aurka egin zuen arren, Gobernuak "filosofia berarekin" eta beheranzko joera horri eusteko eskura dituen tresna guztiak erabiliz diharduela adierazi du.

Maiatzaren 9an Alarma Egoerak erori izanak ez du aldatu, esan duenez, beti defendatu duena, "gure erabakiak hartzeko tresna nahikoak" dituela Gobernuak, alegia, "urrian izan genituen tresnak, alarma egoerarik gabe, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak orain esan digu tresna horiek baditugula, gaueko ordutegia mugatu dezakegula". "Beste gauza bat da neurria proportzionala ez iruditzea, baina onartu digu egin dezakegula, eta hori da pandemia osoan egin duguna", esan du.

Azpimarratu duenez, Nafarroak "bide-orri propioa" du, osasun datuen araberakoa, "ospitaleratzeek aginduko digute zein den erritmoa; izan ere, positiboak izan arren ospitaleratzerik behar ez duten pertsonak badira, horrek beste karrera bat markatzen du", adierazi du.

Galdera egin dion Bakartxo Ruizek (EH Bildu) deitoratu egin ditu bere ustez Gobernuko eta osasun arloko hainbat esparrutatik bidaltzen diren "mezu kontraesankorrak", eta kritikatu egin du Alarma Egoera bertan behera utzita "Estatuko Gobernuak eskuak garbitu" dituela, eta Nafarroako Gobernuak "gaitzetsi gabe eta txintik esan gabe" onartu duela, osasun egoera edozein izanda ere.

Albisteak (1)

Bideoak (1)