KORONABIRUSA
Astean Pfizerren 127.530 dosi jasotzea espero du Euskadik ekainean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Astelehen honetan Pfizerren 79.560 dosi iritsi dira Euskadira, eta ostegunean Janssenek 7.700 jasoko direla aurreikusi du Osasun sailburuak.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan iragarri duenez, datorren ekainean Pfizerren txertoaren 127.530 dosi jasoko ditu Euskadik astero. Combivacs ikerketaren inguruan galdetuta, Sagarduik esan du Gobernu Kontseiluaren bileran izan duela emaitzen berri.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Sagarduik covid-19aren aurkako txertaketaren azken datuen berri eman du. Maiatzaren 11tik 17ra 117.701 txerto jarri ditu Osakidetzak.
Azaldu duenez, gutxienez euskal gizartearen % 43,9k dosi bat du jarrita eta % 19,5ek txertaketa osatuta dauka. "Beti esan izan dugu ez zela gaitasun kontua, txertoen eskuragarritasun kontua baizik", azpimarratu du.
Halaber, astelehen honetan Euskadira Pfizerren 79.560 dosi iritsi direla gogorarazi du eta ostegun honetan Janssen 7.700 dosi heltzea aurreikusten dela.
Bestalde, Osakidetza aste honetan Moderna farmazia-etxearen 14.400 dosi emateko zain dago, baina "data zehatzik gabe"; izan ere, momentuz ez dute AstraZenecaren bidalketen jakinarazpen ofizialik. "Aurreikuspenen arabera, ekainean Pfizer dosi gehiago iritsiko dira, 127.530 dosi astean", azaldu du.
Osasun sailburuak azaldu duenez, aste honetan Osakidetzak 70 eta 79 urte bitartekoen txertaketari amaiera eman nahi zaio, "ia amaituta" baitago. Horretarako, Osakidetza mugikorrera bidalitako mezuei erantzun ez dieten pertsonekin jarriko da harremanetan. "Egoera horretan egon daitezkeen 70 eta 79 urte bitarteko pertsonek, nahi izanez gero, Osakidetzara jo dezakete txertoa eskatzeko, osasun-zentrora deituta", esan du.
Halaber, aste honetan 60 eta 69 urte bitartekoen txertaketarekin jarraituko dute. Sagarduik dio oso aurreratuta dagoela, eta "adin-tarte horretan txertaketa ixten saiatuko direla".
"Kolektibo horien txertaketa oso aurreratua dagoenez, pertsona gazteagoen txertaketari ekin ahal izan diogu. Osasun egoitza guztietan 59 urteko edo gutxiagoko pertsonak txertatzen ari dira", azaldu du.
AstraZenecaren bigarren dosia
Combivacs ikerketaren emaitzen inguruan galdetuta (Pfizer eta AstraZeneca nahasteak immunitatea areagotzen duela ondorioztatu du), Sagarduik azaldu du ikerketaren emaitzen berri Gobernu Kontseiluaren bileran izan duela.
Era berean, Osasun Publikoaren Batzordea arratsaldean bilduko dela gogorarazi du, eta eguneko aztergaien zerrendan ez dela agertzen 60 urtetik beherakoentzako AstraZenecaren bigarren dosiaren inguruko erabakirik, baina "horren inguruan pausoak ematea" espero duela gaineratu du.
Osasun Sailaren Lurralde arteko Kontseiluaren asteazken honetako bileran ere ez dago gai-zerrendan, baina "saiakuntza klinikoaren eta beste herrialde batzuetako behaketa-azterketen ondorioak zein diren jakiten denean, Osakidetzako langileek egoera aztertuko dute eta Euskadik horren aurrean duen jarrera erabakiko dute", azaldu du.
"Osasun Publikoaren Batzordean hartzen diren erabakiak Espainiako lurralde osoan bete behar direla gogorarazten dizuet", gaineratu du.