Eusko Jaurlaritza
Euskadiko Adinekoen Batzordea sortu dute, adinekoentzako politikak lantzeko
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Ezarritako helburuen artean daude adinekoek gizartean parte hartzea, mendekotasun egoeran daudenei arreta hobea ematea edota autonomia sustatzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskadiko Adinekoen Batzordea (EAB) aurkeztu du gaur Bilbon. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak adinekoei zuzendutako politikak lantzeko batzordea, hain justu.
"Batzorde horrek adinekoak ordezkatzen dituzten elkarteei ahotsa emango die, oinarritik abiatuta haiengan eragina duten politikak diseinatzeko", azaldu du sailburuak berak.
Batzordeak honako helburuak izango ditu, besteak beste: adinekoei buruzko pertzepzio soziala eta estigmari aurre egitea, adinekoen bizi baldintzak hobetzea eta gizartean parte har dezaten bultzatzea, mendetasun egoeran edo arriskuan dauden adinekoei arreta hobea ematea eta autonomia, bizitza betea eta talentua bizi zikloaren fase eta eremu guztietan sustatzea. Era berean, batez besteko bizi itxaropena 85 urtera luzatzeko EAEren helburua betetzen laguntzea, bai eta desgaitasunik gabeko zahartzeari buruzkoa ere.
Artolazabalen esanetan, EABrekin "adinekoengan eragin zuzena izango duten ekintzak, Jaurlaritzak eta adinekoak ordezkatzen dituzten gizarte erakundeek elkarlanean hausnartzeko eta lantzeko ekintzak, diseinatzeko gune bateratu bat" sortu dela.
Batzordea 10 kidek osatuko dute: Lehendakaritza bat (hasiera honetan Inma Sanchez eta Santi Larburu buru direla, Euskofederpen elkartekoak biak ala biak), Lares elkarteko (Egoitzen eta Pertsona Nagusiei Laguntzeko Zerbitzuen Elkartasun Sektorea- Euskadiko Elkartea) eta kide diren gainerako elkarte bakoitzeko (Agijupens, Nagusiak, Las Cuatro Torres, Helduak Adi, Secot, eta Nagusilan) ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako kideak.