Itxi

KORONABIRUSA

Txertaketa maila zabala duten herrialdeetako bidaiariak onartuko ditu Europak

o.p. | eitb media

Leer en Castellano

Oraindik behin-behinekoa den akordioak txertaketa oso aurreratua eta egoera epidemiologiko ona duten herrialdeetako bidaiariak EBn sartzea onartuko du, Estatu Batuetakoak edo Erresuma Batukoak, kasu.

Aireportu bat, Alarma Egoera iraungi ostean. Argazkia: EFE

Europar Batasunak gaur erabaki du Europar Batasunetik kanpoko herrialde batzuetako bidaiariei mugak irekitzeko aukera ematea estatu kideei, baldin eta herrialde horietako biztanleek covid-19aren kontrako txertaketa maila zabala edo egoera epidemiologiko ona badute. Horrek, besteak beste, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko bidaiariei irekiko lizkieke ateak.

Oraindik behin betiko onartzea falta den arren, akordioak, era berean, txertoa jaso duten pertsonei murrizketetako batzuk kentzea aurreikusten du, behin helmugako herrialdera iristen direnean. Europar Batasuneko 27ek, gainera, "larrialdi galga" ezarri dute, erkidegoan sar daitezkeen koronabirusaren balizko aldaeretara egokitzeko.

Christian Wigand Europar Batasuneko Barne Arazoetako bozeramaileak adierazi duenez, Europar Batasuneko herrialdeek jarrai dezaketen "gomendio bat baino ez da, ez nahitaezko erabaki bat", mugen kudeaketa herrialde bakoitzaren eskumena delako.

Pandemiaren hasieran, EBk batasunaz kanpoko herrialdeetako bidaiariei sarrera debekatzea erabaki zuen, funtsezko joan-etorriak izan ezik, eta orain arte oso bidaia gutxi baimendu dira.

Gaur egun, Batasunetik kanpoko zazpi herrialdetako bidaiariei uzten zaie sartzen: Israel, Australia, Zeelanda Berria, Ruanda, Singapur, Hego Korea eta Tailandia.

Mugak zabaltzeko erabaki honekin batera, Europar Batasuneko herritarren bidaiak erraztuko dituen ziurtagiri berde digitala sortzeko lanetan ari dira, zeina ekainean indarrean sartzea espero duten.

Horrez gainera, txertoa jarri ezin izan duten eta bidaiatu ahal izateko testa egin behar duten herritarrei PCR probak finantzatzeko Europako funtsak erabiltzea eskatu zuen atzo Europako Parlamentuak.