Donostian jipoitutako gaztea
Santi Coca berez hil zela baztertu du adituen txosten berri batek
EITB MEDIA | Agentziak
Fiskaltzak eskatu zuen txostena, autopsiak eta beste txosten batek "ondorio ezberdinak" zituztelako. Txosten berriaren arabera, heriotzak "jatorri traumatikoa" izan zuen.
Gipuzkoako Fiskaltzak eskatutako adituen txosten berri baten arabera, Santi Coca Donostian jipoitutako 17 urteko mutilaren heriotzak "jatorri traumatikoa" izan zuen, hots, giza hilketarekin bateragarria.
Santi Coca ospitalean zendu zen bi egun koma egoeran egon ostean. Adingabea borroka baten nahastu zen 2019ko apirilaren 26an, Donostiako diskoteka baten ondoan. Zazpi gazte atxilotu eta sei espetxeratu zituzten auziagatik, iaztik horietako bost libre dauden arren.
Bizkaiko Auzitegiko Patologiako Zerbitzuak egin du txosten berria, eta EFEk bertan irakurri ahal izan duenez, horrek baztertu du, "arrazoizko zalantza oro gaindituz", gazteari heriotza eragin zion odoljarioa "berezkoa" izan izana, eta aukera hori "nekez" gertatu zitekeela iritzi dio. Hori horrela, "jatorri traumatikoa" lehenetsi du.
Izan ere, ministerio publikoak beste txosten bat eskatu zuen Cocaren heriotza eragin zuen garuneko odoljario subaraknoideoaren inguruan zeuden "ondorio ezberdinen" aurrean. Zehazki, txoten histopatologikoak ebatzi zuen odoljarioa "jatorri traumatiko batekin bateragarria" zela, baina autopsiak "berezko zein jatorri traumatikoa", biak, "posible" zirela ondorioztatu zuen.
Bizkaiko Auzitegiko Patologiako Zerbitzuak nabarmendu du kasu horrek jatorri traumatikoko odoljario baten "irizpide" guztiak betetzen dituela: "aurpegian edo lepoan traumatismo arin edo ertain bat jaso izana, heriotza edo koma egoera berehala edo ia berehala gertatu izana, beste arrazoirik egotea eta alkohol intoxikazioa egon izana".
Era berean, azpimarratu du hildakoak zituen lesioak "gertakarien kontakizunarekin bateragarriak" zirela.
Agentziak aipatutako iturri judizialen arabera, auziaren instrukzioa amaituta dago, eta laster has daiteke epaiketa. Hori baino lehen, dena den, aldeek euren kalifikazioak aurkeztu beharko dituzte eta Auzitegiak erantzun beharko die defentsek aurkeztutako helegiteei.