KORONABIRUSA
Bildarratzen ustez gazteak txertatzea "jauzia" litzateke hezkuntza arloarentzat
o.p. | eitb media
Hezkuntza sailuburuak uste du ikasleak txertatze-estrategian sartzeak neurriak arintzeari bide emango liokeela, nahiz eta hori "aurrerago" eta "zuhurtziaz" egin beharreko zerbait litzatekeen.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleei covid-19aren aurkako txertoa jartzeak hezkuntza prozesuarentzako "jauzia" ekarriko luke.
Horrela mintzatu da Bildarratz Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak Hezkuntza Sektorialaren bilera egin ostean atzo egindako iragarpenaren harira; izan ere, ikasturtea hasi aurretik 12 eta 16 urte bitarteko gazteei txertoa jartzeko aukera aztertzen ari direla iragarri zuten atzi, Lurraldearteko Osasun Kontseiluak hala erabakitzen badu, Sendagaien Europako Agentziak erabakitzen duenaren zain.
Ikasleak txertaketa-estrategian sartzeak maskarak eraman behar izatea, distantziak mantentzea edo burbuila multzoak mantentzea bezalako neurriak lasaitzeari atea irekiko liokeela adierazi du sailburuak, baina "aurrerago" izango litzateke, sailburuak zehaztu duenez, gai honetan "tentuz eta zuhurtziaz" jardun behar baita.
Sailburuak berretsi duenez, Hezkuntza Saila lanean ari da Osasun Sailarekin eta ikastetxeekin datorren ikasturtean aurrez aurreko eskolak mantendu ahal izateko behar diren neurri guztiak jartzeko, oraingo ikasturtean gertatu den bezala.
Hezkuntza Saila, bestetik, datorren ikasturterako jardunaldi zatitua ezartzeko lanean dihardu, pedagogiaren eta kohesio sozialaren ikuspuntutik "ikasleen beharrak askoz hobeto osatzen dituelako", Bildarratzen esanetan.
Halaber, adierazi du "60.000 ordenagailu" erosiko direla Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Batxilergoko bigarren mailara bitarteko ikasle guztiek gailu horietako bat izan dezaten, "baita irakasleek ere".
Bildarratzek Espainiako Hezkuntza Ministerioak atzo egindako proposamenak ontzat eman ditu, eta azpimarratu du autonomia bakoitzari dagokiola egoeraren araberako neurriak hartzea, erkidegoen errealitateak desberdinak direlako eta ikasturtea antolatzea autonomia erkidegoen eskumena delako.