'Rhodes Legea'
Kongresuak behin betiko onartuko du gaur haurtzaroaren legea
EITB MEDIA | Agentziak
Arauak dituen berrikuntzen artean honakoak daude: haurtzaroan jasandako abusuak salatzeko denbora gehiago egongo da, eta migratzaile adingabeak biluztea debekatuko dute euren adina zehazteko.
Dena ondo bidean, Haurrak eta Nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko Lege Organikoa onartuko du gaur Diputatuen Kongresuak, talde ia guztien aldeko botoekin.
Gaurko eztabaida eta bozketa azken izapidea da testua behin betiko indarrean sartzeko. Araua "Rhodes Legea" bezala ere ezagutzen da, James Rhodes piano-jolearen abizenagatik: britainiarrak sexu abusuak jasan zituen haurra zela eta legea onartzeko borrokan ibili da urteotan. Izapidetze parlamentarioan hainbat kontu erantsi dituzte taldeek, azkenak Senatuan.
Honakoak dira legean jasotako berrikuntza nagusiak: biktimak 35 urte betetzen dituenean hasiko da adingabeen abusuen delituak preskribatzeko epea (orain 18 urte betetzen dituenean hasten da), Gurasoen Alienazio Sindromea (GAS) debekatzea edo adingabeak berriro biktima egitea saihesteko aldez aurretik eratutako froga indartzea. Horrez gain, legea indarrean sartzen denean debekatuta egongo da migratzaileak biluztea euren adina zehazteko.
Legeak 70 milioi eurorekin hornituta egongo da, Ione Belarra Eskubide Sozial eta Agenda 2030 ministroak iragarri duenez. Belarrarentzat legea "mugarria" da, eta azpimarratu du "mezu argi eta eztabaidaezina" bidaltzen duela: "Demokrazian ez da onargarria haurren kontrako ezein bortxazko ekintza, bere jatorri soziala edo azalaren kolorea gorabehera", azpimarratu du.
Badira berrikuntza gehiago. Hala nola, adingabeen zentroetan ezingo dira haurrak lotzeko gailu mekanikoak erabili. Halakoengatik hil zen Ilias Tahiri adingabea 2019an Almeriako zentro batean, gogorarazi du Belarrak. "Iliasengatik eta haur guztiengatik, hori ez da berriro gertatuko", gaineratu du.
Era berean, Belarrak eskerrak eman dizkio Irene Montero Berdintasun sailburuari legean genero ikuspegia txertatzeagatik eskerrak, eta indarkeria matxistaren alorrean erantsitako hobekuntza batzuk aipatu ditu.
Montero eta Belarra, elkar txalotuz, gaurko saioan. Argazkia: EFE
Besteak beste, GAS sindromea debekatzea eta txartu txar kasuetan aitaren bisitak bertan behera uztearen neurria. "Tratu txar emaile bat ez da inoiz aita ona izango", ohartarazi du Belarrak.
Azkenik, Haurtzaroak Parte Hartzeko Estatu Batzordea sortuko dutela iragarri du ministroak. Horren bitartez, haurrek eta nerabeek euren proposamenak egin ahalko dituzte eurei dagozkien politikak garatu ahal izateko.
Taldeek atzemandako gabeziak
Eztabaidan zehar, Ceutako migrazio-krisia izan dute hizpide, 1.500 migratzaile adingabe inguru heldu baitira, baita israeldarren eta palestinarren arteko gerra-gorakadaren ondorioz Gazan hildako adingabeen "irudi izugarriak" ere.
"Gizatasun falta handia da, gaur haurrak babesteko lege hau onartzen dugun bitartean, Espainiar Estatura nekatuta iristen diren haurrak itzultzen aritzea", esan du Maria Carvalho ERCko diputatuak, Ceutako migrazio krisiaren harira.
Maria Carvalho (ERC) eta Mertxe Aizpurua (EH Bildu) diputatuek azaldu dutenez, legearen beste gabezia bat da adingabeak ardurapean dituzten familien etxegabetzeak ez debekatzea. Horrez gain, legeak adingabeak zezenketetara joatea ez duela debekatzen eta hori "lotsagarria" dela azaldu du ERCko diputatuak.
Aurreko bozketan alderdi abertzaleek ez zioten babesik eman legeari, "norabide zentralizatzailea" zuela uste zutelako, baina Senatutik igaro ostean, bertan "eskumenen inbasioa" zuzentzen duen zuzenketa bat sartu zen, botoaren noranzkoaren aldaketa iragarri eta babesa aurreratu dute.