Itxi

koronabirusa

EAEk AstraZenecaren 12.200 dosi jasoko ditu astelehenean

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Osasun sailburuordeak onartu du AstraZenecaren bigarren dosiari buruz hartutako erabakiak txertaketa-kanpainan eragina izango duela, Pfizerren txertaketa berriak atzertu egingo direlako.

AstraZenecaren dosi batzuk. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) jakinarazi dionez, datorren astelehenean AstraZenecaren 12.200 dosi bidaliko dizkio, Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak egoera epidemiologikoari buruz ostiralero eskaini ohi duen prentsaurrekoan iragarri duenez.

Oxford Unibertsitateak garatutako txertoa bolo-bolo dabil azkenaldian. Izan ere, AstraZenecarekin babestutako 60 urte baino gutxiagoko pertsonei Pfizerren gertakina jarriko diete, Espainiako Estatuko Osasun Publikoko Batzordeak asteon ebatzi duenez. Polemika, baina, Lurralde arteko Osasun Batzordeak hartutako erabakiarekin lehertu zen, herritarrek aukeratu ahalko dutelako AstraZeneca edo Pfizer jaso nahi duten (horretarako  dokumentu bat sinatu beharko dute). Eta gaur, Bioetika Batzordeak oniritzia eman dio ebazpen horri.

Gauzak horrela, Quintasek baieztatu du 60 urtetik gorako herritarrei AstraZenecaren txertoaren bi dosiak jarriko zaizkiela eta 60 urte baino gutxiagokoen kasuan ARN mezularia duten txertoak (Pfizer edo Moderna) emango dituztela. Adin hori gainditzen dutenei AstraZeneca emango zaie bigarren dosian ere. "Espero dugu guztientzat nahikoa izatea", erantsi du Quintasek.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteazkenean ohartarazi zuenez, Pfizerren bigarren dosiaren alde egiteak txertaketa berriak bi astez atzeratuko lituzke.

Bestalde, Osasun sailburuordeak iragarri du aurrerantzean Pfizerren bi bidalketa izango direla astero (orain arte bakarra zen), baina aldaketak ez diola aurreikusitako dosi kopuruari eragingo. Nolanahi ere, arlo logistikoan moldaketak egin beharko dituztela azpimarratu du.

Osakidetzak AstraZenecaren 17.200 dosi ditu gordeta eta datorren astelehenean beste 12.200 jasoko ditu. "Aurrerago izango diren bidalketei buruzko jakinarazpenik ez dugu jaso, baina horrek ez du esan nahi ez direla egongo", erantsi du Quintasek.

Orain arte, 1.229.96 txerto jarri dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 16 urtetik gorako herritarren % 45,5ek jaso dute lehen dosia, eta % 21,2k, biak; 70 eta 79 urte bitartean, % 96,1ek hartu dute lehen dosia, eta % 68,1ek, biak; 60 eta 69 urte bitartean, % 90,3k jaso dute lehen dosia, eta % 7,7k, biak; eta 50 eta 59 urte bitartean, % 36,3k hartu dute lehen dosia, eta % 9,1ek, biak.  

Pandemiaren bilakaerari dagokionez, Quintasek azpimarratu du azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatuak % 28ko jaitsiera izan duela astebetean eta ospitaleetako presioak ere behera egin duela: 18 paziente gutxiago daude zainketa intentsiboetako unitateetan eta 69 gutxiago geletan.

Egun, 336 ohe daude hutsik zainketa intentsiboetako unitateetan eta okupazioa % 75,5ekoa da. Paziente horien % 38,7k covid-19a dute.   

Albisteak (4)