KORONABIRUSA
Kutsatzeak egonkor mantendu dira Nafarroan
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Bezperako datuaren oso antzekoa izan bada ere, aurreko asteetako datuekin alderatuta, beheranzko joerari eusten zaiola ikus daiteke.
Birusa egonkor eta beheranzko joera leunarekin jarraitzen du Nafarroan. Azken orduetan, 50 positibo atzeman dituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Atzokoan 2.202 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 247 gehiago) eta horietatik % 2,3 positibo izan ziren. Hala, proba gehiago eginda, positibotasun tasa jaitsi egin da (% 2,7an zegoen).
Bezperan zenbatutako kasuen ia berdina da (53) baina duela astebete atzemandako 71 kutsatzeetatik behera (19 gutxiago) eta duela 14 egun zenbatutako 66ren azpitik (-14).
Kasu gehien pilatu dituzten udalerri eta guneei dagokienez, Noain da denen buru, bost kutsatzerekin. Ondoren ageri da Iruñeko Donibane auzoa, lau positiborekin, eta Sarriguren eta Mutiloa, hirunarekin.
Ospitaleetan 56 paziente daude ingresatuta, bezperan baino zortzi gutxiago. Atzo, beste lau ospitaleratze izan ziren, baina bat bera ere ez zuten zainketa intentsiboetako unitatera eraman. Halaber, ez da koronabirusarekin lotutako heriotzarik izan.
Pandemia hasi zenetik 1.182 pertsona hil dira covid-19ak jota Nafarroan.