AKTIBAZIO PLANA
Bilbok aisialdi pedagogiko, abentura eta kirol zentroekin hornituko du Artxanda
EITB MEDIA
Agirleta, Pike eta Bagatza eremuetan egongo diren zentro horiez gain, bizitoki naturalak jartzeko aukera ere aztertzen ari da Udala.
Bilboko Udalak askotariko jarduerak eskaintzeko ekipamenduak jarri nahi ditu Artxandan, Agirleta, Pike eta Bagatza eremuetan. Aisialdi pedagogikoa eta ludikoa eta jarduera zentro bat umeentzat, abenturazko aisiako jarduerak garatzeko entretenimendu eta trebetasun zirkuituak familientzat, eta aire librean exijentzia- eta intentsitate-diziplina berriak garatzeko ekipamenduak jartzea da Udalaren asmoa. Horretarako, Merkatuaren Aurretiazko Kontsulta bat egingo du, Artxanda Aktibatzeko Planaren barruko lehen lizitazioak bermeekin planifikatzeko.
Asier Abaunza Bilboko Udaleko Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak eta Xabier Zubiaur Sondikako alkateak jakitera eman dituzte kontsultaren xehetasunak.
Bilboko zonalde hori aktibatzeko plana martxoaren 4an aurkeztu zen. Zubiaurren hitzetan, "Artxanda aktibatzeko kirol, kultura eta gastronomia aisialdirako aukera ezberdinak eskaini beharko dira". Halaber, adin eta profil guztietako pertsonentzat izango direla eta asteko zazpi egunetan gozatu ahalko direla azaldu du, "Artxandako ingurunearen izaera natural eta jasangarrian".
Sondikako alkatearen arabera, plana "erritmo onean doa". Bi udalek "aldez aurretik eta aldi berean" sinatu dute Sondikan dauden Artxandako eremuak (Pike eta Bagatza) Bilbori lagatzeko hitzarmena.
Azaldu duenez, Bilboko Udalak eremu horiek trukatzeagatik ordaindu beharko dituen 200.000 euroak Artxandako proiektuan inbertituko dira, Sondikatik Artxandara joateko bideak egokitzeko.
Lursailak
Bestalde, Abaunzak adierazi du lursail bakoitzari "jarduera berezituak" ematea dela erronka, batez ere hezkuntza, aisia, kirol eta jolas arloekin lotutakoak. Lursail horiek Agirleta, Pike eta Bagatza dira.
Agirletaren kasuan, Bilboko Udalaren asmoa da aisialdi pedagogiko, ludiko eta umeentzako jardueren zentro bat garatzeko aukera aztertzea, natur ingurunearen ezagutza bultzatzeko. Era berean, "eraikinetatik eta hotel-irudi klasikoetatik urrun dauden ostatu naturalak" ere egon daitezkeela azaldu du, betiere ingurune naturalera eta indarrean dagoen legeriara egokituta.
Pike eremuaren kasuan, familientzat abenturazko aisiako jarduerak garatzeko aukera aztertzea da Udalaren asmoa, horretarako entretenimendu- eta trebetasun-zirkuituak eginez. Horrez gain, honetan ere, eraikinetatik eta hotel-irudi klasikoetatik urrun dauden ostatu naturalak egoteko aukera planteatzen du.
Azkenik, Bagatza eremuan, "aire zabalean exijentzia- eta intentsitate-diziplina berriak" garatzeko ekipamenduak egin ahal izateko aukera aztertu nahi du, ingurune naturalean behar bezala integratuta, indarrean dagoen legediaren arabera.
Proposamenak aurkeztea
Abaunzak adierazi duenez, Merkatuaren Aurretiazko Kontsultari buruzko informazioa Udalaren webgunean, Kontratugilearen Profilean eta Sektore Publikoko Kontratazio Plataforman kontsulta daiteke. Horren bidez, Udalak interesdunen eskura jarriko du kontsultaren xede diren lursailen gaineko informazioa eta dokumentazioa eta Artxanda Aktibatzeko Planaren inguruko agiriak.
Kontratazioko Zuzendaritzan jasoko dituzte proposamenak, contratacion@bilbao.eus helbide elektronikoan, eta pertsona fisiko edo juridiko bakoitzak bat baino gehiago aurkez ditzake, euskaraz zein gaztelaniaz.
Abaunzaren arabera, aurretiazko kontsultaren helburua da lehiaketa, 2022ko lehen seihilekoan ateratzen denean, "garatuko den jarduera ekonomikoki bideragarria izateko behar diren elementuekin ateratzea" eta konkurrentzia egotea.