Alarma-egoeraren amaiera
Kultur ekitaldietako edukierak eta ordutegiak zabalduko dituzte Nafarroan, gaurtik
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Zinemetan eta antzokietan edukiera % 60koa izango da eta 23:00ak arte egongo dira irekita. Taberna barruko ordutegia ere 23:00ak arte luzatu dute.
Nafarroako Gobernuak pandemiaren aurkako neurri murriztaileak arintzen jarraitzen du, eta ostiral honetatik aurrera kultur ekitaldietako edukiera eta ordutegiak zabalduko dituzte. Halaber, ostalaritza barrualdeko ordutegia luzatu egingo dute.
Santos Indurain Osasun kontseilariaren dekretu berria ostiral gauerdian sartu da indarrean, eta ekainaren 3ra arte egongo da indarrean.
Neurri asko bere horretan mantenduko dira, eta beste hainbat aldatu egingo dituzte. Hasteko, ostalaritzako establezimenduetan, barrualdean kontsumitu ahal izateko ordutegiak 22:00etatik 23:00etara zabalduko dute. Ordutegi hori aplikatuko da ikuskizunetarako eremuetan, bingoetan eta joko eta apustu lokaletan ere.
Peñak eta elkarte gastronomikoak maiatzaren 21ean ireki zituzten, eta eremu horietan jarduerak eta ekimenak antolatzeko bete beharreko prebentzio neurri guztiak dekretuan jasotzen dira. Etxabe eta lokalek, berriz, itxita jarraituko dute.
Bestalde, kulturaren sektorean ordutegiak eta edukierak zabalduko dituzte. Joan den asteazkenean Nafarroako Gobernuko ordezkariak sektore horretako eragileekin bildu ziren, protokoloak zehazteko.
Horrela, bada, ostiral honetatik aurrera, zinemetan, antzokietan, auditorioetan, zirkuetan eta antzeko eremuetan edukiera % 50etik % 60ra handituko dute.
Gainera, gehienez bil daitezkeen pertsonen kopurua 200etik 300era igaroko da barrualdean, eta 400etik 600era kanpoaldean egiten diren ekitaldietan.
Kultur ekitaldi eta ikuskizunak 23:00etan amaituko dira, beranduenez. Orain arte 22:00etarako bukatu behar ziren.
Ikuskizunak antolatzeko baimena duten kafetegien kasuan, bi eredu eskaintzen dira: kulturaren sektoreari ezarritako edukierarekin (% 60) irekitzea, baina kontsumitzeko aukerarik gabe, edo, janaria eta edaria zerbitzatu nahi badute, ostalaritzari ezarritako baldintzak betetzea (% 30eko edukiera, segurtasun-tartea bermatzea mahaien artean eta C02 neurgailuak jartzea).
Zinemek ere bi aukera horiek izango dituzte: % 60ko edukiera izan nahi badute, barruan kontsumitzea galarazi beharko dute, eta ikusleek jateko eta edateko aukera izatea nahi izanez gero, aipatu baldintzak bete beharko dituzte (% 30eko gehienezko edukiera, eserlekuen arteko segurtasun-tartea bermatzea eta C02 neurgailuak jartzea).
Bestalde, establezimenduetan alkoholdun edariak saltzea debekatuta egongo da 22:00ak eta 08:00ak bitartean. Orain arte, murrizketa hori 21:00etan hasten zen.