Kargatzen...
Itxi

KORONABIRUSA

Behera egin dute kutsatzeek Nafarroan, asteazkeneko igoeraren ostetik

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Atzemandako 77 positiboak aurreko bi asteetan zenbatutako datuen antzekoak dira, eta, beraz, beherakadan nolabaiteko geldialdia sumatzen da.

Nafarroako osasun langileak txertaketa kanpainan. Artxiboko argazkia: EFE

Koronabirus kasuek behera egin dute azken orduetan Nafarroan, asteazkenean atzemandako igoera nabarmenaren ondotik. Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, 77 kutsatze atzeman dituzte.

Atzokoan 2.073 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 23 gutxiago) eta horietatik % 3,7 positibo izan ziren. Hortaz, positibotasun tasak ere behera egin du (% 4,4an zegoen).

Bezperako datuekin alderatuta, 17 kasu gutxiago dira, baina duela astebeteko (72 positibo) eta duela 14 eguneko (70) datuen antzekoak —apur bat altuagoak— izanik, nolabaiteko geldialdia sumatzen da.

Bestalde, 48 pertsona daude ospitaleetan koronabirusak jota –bezperan baino hiru gutxiago-, eta horietatik 11 zainketa intentsiboetako unitateetan artatzen ari dira.

Atzo beste lagun bat ospitaleratu zuten, eta azken orduetan ez da heriotzarik izan. Pandemia hasi zenetik 1.183 hil dira covid-19aren ondorioz Nafarroan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)