Itxi

Koronabirusa

Ostalaritzari buruzko neurriak "arinegi" ez hartzea da "gakoa", Urkulluren ustez

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Lehendakariak ez ditu LABIk hartuko dituen neurriak aurreratu nahi izan. Era berean, iragarri du 5.100 milioi euro bideratu dituztela pandemiari aurre egiteko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak uste du "gakoa" dela "txostenek arrisku handikoak" diren espazioen, tartean ostalaritzaren barnealdearen, inguruko neurriak "arinegi" leuntzea.

Lehendakaria horrela mintzatu da Carmelo Barrio PP+Cs taldeko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez. Buruzagi popularra kexu agertu da EAEko ostalaritzaren sektoreak beste erkidegoetako lokalekin alderatuta izan duen "kalteagatik". Hain justu, LABIren Aholku Batzordeak astelehenean hartu beharreko neurrien inguruko argibideak eskatu dizkio. 

Urkulluk gogorarazi duenez, LABIren erabakiak Batzorde Teknikoka egiten dituen txostenetan oinarritzen dira, eta aipatu du teknikariek EAEko ostalaritza elkarteek egindako proposamenen inguruko azterketa egin dutela. Horren harira, ebatzi dute erkidego eta herrialde guztietan hartu dituztela ostalaritza ixteko edo mugatzeko neurriak, "eta zenbaitzuetan hemen baino zorrotzagoak izan dira", erantsi du. 

Lehendakariaren aburuz, "gako da erabakiak arinegi ez hartzea, batez ere adituek arrisku handikoak diren espazio horiei dagokienez: leku itxiak, aireztatze gutxiagorekin, jende ezberdinaren bilkurekin eta maskara tarteka kentzen diren horiek".

5.100 milioi pandemiari aurre egiteko

Osasun krisiari epe ertainean erantzuteari buruz, lehendakariak iragarri du pandemia hasi zenetik EAEko erakundeek 5.100 milioi euro bideratu dituztela covid-19aren eragina arintzeko enpresa eta familien artean.

Halaber, azaldu du duela sei hilabete txostena eskatu ziotela EHUri pandemiaren kudeaketaren azterketa independentea egin zezan.

Urkullu, Kontrolerako saioan. Argazkia: EFE

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak egindako itaun bati erantzunez egin ditu iragarpenak lehendakariak. Bozeramaile abertzaleak azterketa "independente" bat behar dela uste du, eta horrelakoak eskatzean, koalizioak osasun krisiari eman beharreko erantzuna hobetu nahi duela azpimarratu du, "ez da inori ezer aurpegiratzeko", gaineratu du.

Horren harira, Iriartek Urkulluri eskatu dio oposizioarekin elkarlanean eta lankidetzan aritzeko sistema bat martxan jartzeko: "Lidergoak ezin du, nire ustez, aginte bertikala izan. Ea hemendik aurrera egin ahal dugun orube bat zuk hainbeste aipatzen dugun elkarlanerako".

Erantzunean, lehendakariak ihardetsi du, EAEko erakundeek pandemiarako bideratu dituzten baliabide guztiak zenbatuta, 2.190 milioi euro bideratu dituztela laguntza zuzenetan. Horiei finantza eta mailegu arloan emandako beste 2.920 milioi euro batu behar zaizkio. Guztira, beraz, 5.100 milioi euro.

Albisteak (2)

Bideoak (1)