Biotopo babestua
Isileko arrantzale bat atxilotu dute Gaztelugatxen
EiTB Media | Agentziak
Gainera, 2024ra arte itsaski-bilketan aritzeko debekua zuen atxilotuak. Edozein itsas baliabide arrantzatzea edo biltzea debekaturik dago Gaztelugatxen, baita algak ere.
Guardia Zibilak isileko arrantzale bat atxilotu zuen iragan astean, Gaztelugatxeko biotopo babestuan (Bizkaia), zonaldean itsaskiak biltzea egotzita.
Bizkaiko Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuak hiru pertsona ikusi zituen Gaztelugatxeko biotopo babestuan. Edozein itsas baliabide arrantzatzea edo biltzea debekaturik dago bertan, baita algak ere.
Gerturatu zirenean, ontzi bat eta uretan bi pertsona ikusi zituzten guardia zibilek, eta hirugarren bat desagerturik zegoela jabetu ziren.
Bi arrantzaleak identifikatu eta ontzia miatu ondoren, itsaskiak gordetzeko lau kanpaza hutsik eta urpeko arrantzarako fusil bat topatu zituzten.
Ontzian biak bakarrik itsasoratu zirela ziurtatu zuten arrantzaleek, eta Zierbenan porturatzeko agindua eman zien Guardia Zibilak. Baldintza horietan nabigatzeko baimenik ez zutenez, Itsas Zerbitzuak portura arte lagundu zituen.
Aldi berean, isileko hirugarren arrantzalea ikusi zuten Gaztelugatxeko harkaitzetan. Bizkaiko Foru Aldundiko kideak eta Gernikako guardia zibilak zain zituen.
Identifikatu, 2024ra arte itsaski-bilketan aritzeko debekua zuela egiaztatu eta atxilotu zuten.
Ondoren, Guardia Zibilak zonaldea utzi zuela sinetsita, Zierbenako bi arrantzaleak baimenik eta agiririk gabe berriz itsasoratu ziren. Honenbestez, ontzia bigarrenez zigortu zuten, legez kanpo nabigatzea eta desobeditzea leporatuta.