EAE
Uda honetarako hondartzetako eta igerilekuetako segurtasun arauak, EAEn
agentziak | eitb media
Uretan edo eskuoihalean bakarrik kendu daiteke musukoa, pertsonen arteko segurtasun distantzia zaintzeko aukera izanez gero.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gida bat egin du eta bertan gogorarazi du derrigorrezkoa dela musukoa erabiltzea hondartzetan, igerilekuetan edo bestelako bainu eremuetan. Hala ere, ez da maskara erabili beharko uretan edo eskuoihaletan (gutxieneko segurtasun distantzia gorde badaiteke).
Irizpide hori jaso du Osasun Sailak bainurako denboraldiaren hasierari begira kaleratu duen gidan. Eskumena duten agintariei covid-19aren kutsatzeak murrizteko planetan laguntzea da txostenaren helburua.
Osasun Sailak azpimarratu du eremu horietan aerosolen bidez eta pertsonen arteko kontaktuarekin gertatzen direla kutsatze gehienak, eta oso zaila dela uretan kutsatzea.
SARS-CoV-2 birusaren biziraupena handiagoa izan daiteke ur gezan edo tratatu gabekoan (errekak, lakuak, putzuak…) ur gazian baino, eta, beraz, arreta handiagoz jokatu beharko da jendetza saihesteko, bereziki diluzioa hain eraginkorra ez den putzu txikietan.
Birusak harean edo itsasbazterretan zenbat iraun dezakeen oraindik aztertu ez bada ere, itsasoko uraren gatza, eguzki izpi ultramoreak eta hareak har dezakeen tenperatura altua, denak batera, mesedegarriak dira agente patogenoak indargabetzeko.
Munduko Osasun Erakundeak adierazi du covid-19a kutsatzeko arriskua dibertimenduzko bainuetan handiagoa izan daitekeela pertsonen arteko distantzia ez errespetatzeagatik, uretan birusa egoteagatik baino.
Horiek horrela, hondartzetan eta bainurako lekuetan, beste tokietan bezala, ez kutsatzeko prebentzio neurriak bete behar dira, segurtasun distantzia tarteko.
Bestalde, hondartzan egonaldi laburragoak egitea aholkatu dute, eta gutxienez 1,5 metroko tartea zaintzea bizikideak ez diren pertsonekin, uretan zein kanpoan.
Egoera guztietan bezalaxe, begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzea gomendatzen da eskuak garbiak ez badaude, eta ahoa estaltza eztul edo doministiku egitean. Gainera, toallak ez partekatzea aholkatu dute.
Musukoaren erabilerari dagokionez, nahitaezkoa da maskara erabiltzea erabilera komuneko espazioetan (aldagelak, komunak)
Hondartzen edo igerilekuen antolatzaileei begira, sarbideak eta irteerak antolatzea aholkatu dute, edukiera neurtzea, hondarrean laukiak markatzea tresnak perimetro baten barruan mantentzeko, erabilera ordutegiak ezartzea adin talde jakin batzuei lehentasuna emanez, eta mareen arabera hondartzak ixtea hareatza oso txikia bada.