Itxi

KORONABIRUSA

81 covid-19 kasu berri atzeman dira Nafarroan, bezperan baino zertxobait gehiago

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ostegunean baino 4 kasu gehiago atzeman ziren atzo, eta kasu berriak duela 7 egun (57) eta duela 14 egun izandakok (75) baino gehiago dira.

Nafarroako Ospitaleko ZIUa. Argazkia: EFE

Pandemiaren azken datuek agerian uzten dute egoera aldakorra dela Nafarroan; izan ere, nolabaiteko egonkortasun izatetik, olatu berri baten mehatxua piztera igarotzen da egoera, egunaren arabera. Gauzak horrela, datozen jardunaldiak erabakigarriak izango dira zalantzak argitzeko.

Gaurkoan, positiboek apur bat gora egin dute Nafarroan, bezperako datuekin alderatuta. Foru Gobernuak emandako datuen arabera, 81 covid kasu berri atzeman dituzte ostiral honetan, bezperako 77ko kopuruaren gainetik.

Osteguneko datuarekin alderatuta, 4 kasu gehiago dira, eta kontuan izan behar da duela astebete (57) eta duela 14 egun (75) zenbatu ziren kasuak baino gehiago direla; beraz, badirudi bilakaera epidemiologikoa zertxobait okertzen ari dela.

Atzo 2.067 proba egin ziren, PCR eta antigeno testen artean, eta horrek esan nahi du positibotasun tasa % 3,9koa izan zela.

Astean zehar, Foru Erkidegoan 53 kasu atzeman dira astelehenean ( % 2,7), 50 asteartean ( % 2,3), 93 asteazkenean ( % 4,4), 77 ostegunean ( % 3,7) eta 81 ostiralean ( % 3,9).

Txertaketa prozesuari dagokionez, 2.956 dosi jarri zituzten atzo. Horrela, dagoeneko 388.660 txerto inokulatu dira eta 138.141 pertsonak osatu dute txertaketa-pauta osoa.

Ospitaleratzeei dagokionez, 48 covid gaixo zeuden ostegunean Nafarroan ospitaleratuta, horietatik 11 ZIUn.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)