Itxi

Koronabirusa

EAEn egun indarrean dauden murrizketak

eitb media

Leer en Castellano

LABIk hartutako neurrien arabera, 24:00ak arte ireki ahalko dira tabernak, jatetxeak eta kultura- eta merkataritza-jarduerak. Aire zabaleko kirolean ez da pertsona-kopurua mugatuko.

Terraza bat, Getxon. Argazkia: Efe

LABIk astelehenean egin zuen bileran dekretu bat onartu zuten, eta zenbait neurri malgutu dituzte, pandemiaren joeran oinarrituta.

Hala, ekainaren 2tik aurrera izango den aldaketa nagusia ordutegiak luzatzea izango da, izan ere, 24:00ak arte ireki ahalko dira establezimenduak eta ordura arte egin ahalko dira kultur eta merkataritza-jarduerak.

Neurriak:

- ORDUTEGIAK: 24:00etan, establezimenduak ixtea eta kultura-, gizarte- eta merkataritza-jarduerak etetea.

- OSTALARITZA: 24:00etan itxiko da. Barneko edukiera % 50ekoa izango da. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik.

- GAUEKO AISIA: Gaueko aisialdirako establezimenduek eta lokalek itxita jarraitzen dute.

- BOTILOIAK: Debekatuta dago alkohola kontsumitzea kalean, esparru publikoan, kale-edanean edo "ez-jaiak" gisako bileretan.

- GAZTETXEAK: Gizarte- eta kultura-jarduerak egiteko administrazio-baimena duten lokalek jarduera horiek egin ahal izango dituzte, gehienez ere % 50eko edukierarekin, eta jarduerak 24:00etan amaituko dira. Pertsonen segurtasuna mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskara nahitaez erabili beharko da. Beharrezko baimena ez duten lokalak gazteen lonjen eta antzekoen kapituluan sartzen dira, eta, beraz, itxita egongo dira.

- AISIALDIKO JARDUERAK: Aisialdiko taldeak gehienez 10 lagunekoak izango dira, betiere egonkorrak direla bermatzen bada.

- ELKARTE GASTRONOMIKOAK: Elkarte gastronomikoak, txokoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.

- MERKATARITZAKO EDUKIERAK: 150 m² baino gehiagoko establezimenduetan, % 40ekoa; eta 150 m² arte, % 60koa. Azoka txikietan, baimendutako postuen % 50 egon ahalko dira.

- JOKO-LOKALAK: Itxiera 24:00etan. % 50eko edukiera.

- KULTU-LEKUAK: % 35eko edukiera. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean, 30 pertsona gehienez, eta leku itxietan, 6 gehienez.

- KIROL-INSTALAZIOAK: % 50eko edukiera. Aldageletan, % 35ekoa. Ikuslerik ez kirol-ekitaldietan.

- KIROLA EGITEA: Aire zabalean ez da pertsona-mugarik egongo, baina, barnealdean, gehienez 6 bildu ahalko dira. Eskola-kirolari begira, entrenamenduak izango dira, baina ezingo dira aldagelak erabili. Maskara nahitaez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.

- HONDARTZAK ETA IGERILEKUAK: Bainatzeko eta espazio jakin batean geldirik egoteko, ez da beharrezkoa izango musukoa erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatu ahal bada. Joan-etorriak egiteko, berriz, maskara erabili beharko da nahitaez. Pertsona-taldeak ezingo dira lau baino gehiagokoak izan, eta beti errespetatu beharko dute taldeen arteko distantzia.

- MUGIKORTASUNA ETA BILERAK: Maiatzaren 9an, alarma-egoera bertan behera utzita, bertan behera geratu ziren itxiera perimetralak, etxeratzeko agindua eta pertsonak biltzeko mugak.

- GARRAIO PUBLIKOA: Garraio publikoaren irteera-ordutegia 24:00ak arte luzatu ahalko da.

- OINARRIZKO NEURRIAK: Maskara erabiltzea, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia zaintzea eta barneko espazioak etengabe aireztatzea. Saihestu pilaketak. Gaueko joan-etorriak eta beharrezkoak ez direnak mugatzea gomendatzen da, eta 4 pertsona baino gehiagoko bilkurak saihestea.

ATZERATUTAKO NEURRIAK

LABIren aholku batzordeak "zuhur" jokatu nahi izan omen du, eta horregatik atzeratu ditu ondorengo neurriak, harik eta intzidentzia metatua 150 baino txikiagoa izan arte (Bizi Berri Planaren 2. mailako agertokia) edo 50 urtetik gorakoen txertaketa % 90era iritsi arte, betiere "ospitaleetako egoerak onera eginez gero".

- Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 01:00era luzatzea.

- Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.

- Ekitaldietarako gehieneko edukiera handitzea (600 pertsona barnealdean eta 800 pertsona kanpoan).

- Ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.

- Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegi-, edukiera- eta distantzia-mugak jarrita.

- Barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez ere 10 pertsonako taldeetan.

- Kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea, % 60ko edukierarekin, eta gehienez ere 800 pertsonako mugarekin barnealdean edo 1.200 pertsonakoarekin kanpoan.

- Bisita gidatuen, natura-turismoaren, aisialdirako zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea.

- Edukiera % 60ra handitzea igerileku, lorategi, hoteletako terraza eta kanpinetako leku irekietan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)