Itxi

Koronabirusa

49 urtetik beherakoen txertaketa datorren astean has daiteke EAEn

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Asteon prestakin kopuru "handia" espero denez, 50-59 urtekoen immunizazioan aurrera egitea espero da, eta datorren asterako hurrengo adin tartea babesteari ekitea.

Illunbeko txertaketa gunea. Argazkia:EFE

Koronabirusaren aurkako txertaketa kanpainak erritmo onean jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta asteon prestakin kopuru "handia" jasotzea espero denez, baliteke datorren astean 49 urtekoak babesteko moduan egotea.

Hala iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gobernu bileraren ostean egindako agerraldian. Sailburuak zehaztu du baimenduta dauden txerto guztien bidalketak daudela aurreikusita ekaineko lehen aste honetarako: Pfizerren 127.530 dosi agindu dituzte, AstraZenecaren 61.700, Modernaren 14.400 eta Janssenen 15.600.

Horiekin guztiekin, lehen dosiarekin 50-59 urtekoak immunizatzen jarraituko du asteon Osakidetzak, baita bigarren dosiak ematen. Hala, baliteke datorren astean 49 urtekoak txertatzen hastea. "Modu ordenatuan egingo dugu, beti bezala. 49 urte dituztenekin hasiko gara", iragarri du.

Sagarduik gogorarazi duenez, 16 urte baino gehiago dituzten herritarren erdiek jaso dute lehen dosia, eta herritarren % 27k immunizazio osoa dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)