Itxi

KORONABIRUSA

67 kutsatze berri atzeman dituzte Nafarroan, bezperan baino 21 gutxiago

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Positibotasun tasa % 3,1ean kokatu da. Positibo gehien atzeman dituzten udalerrien artean, Burlata, Zizur Nagusia eta Uharte Arakil ageri dira buruan, launa kasurekin.

Nafarroan egindako baheketa bateko irudia. Artxiboko argazkia: EFE

Azken orduetan 67 positibo berri atzeman dituzte Nafarroan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Bezperako datuekin alderatuta, kutsatzeek behera egin dute asteartean 88 kutsatze hauteman baitziren.

Zehazki, atzo 2.177 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 105 gutxiago), eta horietatik % 3,1 positibo izan ziren. Hortaz, proba gutxiago eginda, positibotasun tasa jaitsi egin da da (% 3,8an zegoen).

Atzokoan, ospitaleetako okupazioa egonkor mantendu zen, 19 paziente ospitaleraturekin. Atzo bi ospitaleratze izan ziren, bat ere ez ZIUetan, eta ez da heriotzarik izan.

Kutsatze berriei dagokienez, Iruñerrian eta bere eskualdean kasu positiboen % 54 izan dira, Tuteran % 21 eta Lizarran % 3. Gainerako positiboak (% 22) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Burlata, Zizur Nagusia eta Uharte Arakil udalerrietan launa positibo atzeman dituzte. Hiruna kasu zenbatu dituzte Arrotxapean, Txantrean, Azkoienen eta Sarrigurenen, eta bina, berriz, Altsasun, Cascanten, Corellan, Uharten, Monteagudon eta Alesbesen.

Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 15 eta 29 urte artekoak (% 29) eta 30 eta 44 urte artekoak (% 27) dira talde nagusiak. Ondoren, 15 urtetik beherakoak (% 21) eta 45 eta 59 urte artekoak (% 15) daude. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea eta 75 urtetik gorakoen taldea daude, biak kutsatu berrien % 4rekin.

Positibo berrien batez besteko adina 32,4 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 51 gizonak dira eta % 49 emakumeak.

Nafarroan 1.188 pertsona hil dira covidaren ondorioz, eta birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 62.254koa da.

42.020 txerto-dosi

Atzo 8.361 dosi eman zituzten (gehien inokulatu den eguna), eta, ondorioz, 417.615 txerto eman dituzte jada, Nafarroan orain arte jasotako 466.785 txertoetatik.

Orain arte, 157.579 pertsonak osatu dute txertoa, atzo bigarren dosia (4.809) jaso ostean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)