Itxi

GIPUZKOA

Abaltzisketako alkatearen behi bat tiroz hil izana gaitzetsi dute

EITB MEDIA

Leer en Castellano

ENBA, EHNE eta Aralarko baserritar elkarteak elkarretaratzea deitu dute igandean Larraitzen, Jon Zubizarreta abeltzain eta Abaltzisketako alkate denari babesa emateko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

ENBA eta EHNE sindikatuek eta Aralarko baserritar elkarteak elkarretaratzea deitu dute heldu den iganderako Larraitzen (Abaltzisketa), behi bat tiroz hil dioten Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate eta abeltzainari babesa emateko.

Maiatzaren 8an aurkitu zuen animaliaren hilotza Belingaratzen, Enirio-Aralar Mankomunitateko larreetan. Hasiera batean, heriotza naturala izan zela pentsatu zuen.

Maiatzaren 28an, ostera, artzain batek deitu zion behiak buruan tiro bat zuela ohartarazteko. Hurrengo egunean, ganaduzalea Aralarko larreetara igo zen, eta behiak kopetean bala zulo bat zuela egiaztatu zuen.

Horren aurrean, maiatzaren 30ean salaketa aurkeztu zuen Beasaingo ertzain-etxean.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Aralarko pisten eraikuntzari emandako babesarekin lotu du gertakaria Abaltzisketako alkateak. Izan ere, abeltzainak eta talde ekologistak aurrez aurre jarri ditu gai horrek, eta, azkenean, iragan otsailean, Eguzkik eta Landarlanek Aralarko pistako lanen aurka jarritako salaketa artxibatu zuen Tolosako Instrukzioko Epaitegiak.

"Penagarria eta tamalgarria"

ENBAk, EHNEk eta Aralarko Baserritarren Elkarteak "gertaera penagarria eta tamalgarria" dela salatu dute. Ildo horretan, igandean 10:30ean Larraitzen egingo den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatu ditu Aralarko abeltzainak eta Aralar maite dutenak.

"Jakin badakigu Jon ez dela beste abeltzain bat", azpimarratu dute ohar batean. "Mendiarekiko grina, abeltzaintzaren defentsa eta herriarekiko konpromiso irmoa batzen ditu", gaineratu dute.

Albisteak (2)

Bideoak (1)