KORONABIRUSA
73 kutsatze berri atzeman dituzte Nafarroan, azken bi egunetako daturik txarrena
EITB MEDIA
Positibotasun tasa % 4,1ean kokatu da, aurreko eguneko %3,3aren aurrean.
Kutsatzeek gora egin dute azken orduetan Nafarroan, eta 73 positibo berri atzeman dituzte, bezperan baino 12 gehiago, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Zehazki, atzo 1.776 proba diagnostiko egin zituzten, eta horietatik %4,1 positibo izan ziren. Hortaz, positibotasun tasak gora egin du (% 3,3an zegoen).
Positibo gehien atzeman dituzten udalerriei erreparatuta, Uharte ageri da buruan, beste behin, sei kasurekin. Atzetik, Zizur Nagusian bost kasu zenbatu dituzte; launa Iruñeko Txantrea auzoan eta Beriainen, eta hiruna Ansoainen, Uharte Arakilen, Leitzan, Tuteran eta Atarrabian.
Osasun zerbitzu publikoak 8.117 txerto eman zituen ostiralean, eta, guztira, 435.761 dosi eman dituzte dagoeneko. Nafarraoan, 165.007 pertsonek osatu dute txertaketa prozesua.
Ospitaleei dagokienez, bi pertsona ospitaleratu zituzten atzo Foru Erkidegoan, biak gela arruntetan. Orotara, 41 gaixo daude covid-19ak jota Nafarroako ospitaleetan, horietako 12 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan. Pertsona bat zendu da ostiralean koronabirusaren ondorioz, eta, guztira, dagoeneko 1190 hildako eragin ditu pandemiak Nafarroan.