Itxi

ERASOA ARALARREN

Abaltzisketako alkatearen aldeko elkarretaratzea egin dute Larraitzen

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jon Zubizarretaren behietako bat tiroz hiltzea "Aralarko mendiko abeltzainen kontrako erasoa" izan dela salatu dute baserritarrek eta Enirio-Aralar Mankomunitateari kalteordaina eskatu diote.

Larraitzen egindako bilkuraren irudia. Argazkia: ENBA

Jon Zubizarreta Abaltzizketako alkate eta abeltzainari elkartasuna agertzeko bilkura egin dute gaur goizean dozenaka lagunek Larraitzen, EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuek eta Aralarreko Baserritarren Elkarteak deituta.

Antolatzaileek, Aralarko "abeltzaintzaren kontrako erasotzat" hartu dute Zubizarretaren behia tiroz hilda agertu izana mendia eta gogor salatu du gertatua Josu Oiartzabal Aralarko Baserritar Elkarteko presidenteak: "Ozen eta publikoki adierazi nahi dugu behia tiroz akabatzea Aralarko mendiko abeltzainen kontrako erasotzat hartzen dugula".

"Jon Zubizarretaren aberea hautatzean, argi dugu, Aralarko mendian dihardugun baserritarron bizimodu eta lan baldintzak duinak izateko diharduen jendea zigortu nahi dela, hori baita, baserritarron bizimodu eta lan baldintzak duinak, Jonek irudikatzen duena" adierazi dute abeltzainek ohar batean eta kalteordainak ere eskatu dituzte: "Ekintza gaitzesteaz gain dei berezia egiten diogu Enirio-Aralar Mankomunitateari bere jabetzako mendian izandako ekintza penagarria gaitzetsi dezan, are gehiago, ikusirik, Jon, Abaltzisketako alkate den heinean, Mankomunitateko juntako partaidea dela. Bestalde, Enirio-Aralar Mankomunitateko lursailetan gertatu denez, aberearen galeragatik abeltzaina konpentsazioa bere gain har dezala eskatzen dugu".

Kontzentrazioan izan da Jon Zubizarreta bera. Aste honetan publiko egindako bideo batean, Abaltzisketako alkateak Aralarko pisten eraikuntzari emandako babesarekin lotu du gertakaria. Aralarko pistak direla eta, aurrez aurre izan dira abeltzainak eta talde ekologistak.

Ekologistek ikerketa eskatu dute

Bien bitartean, Landarlan eta Eguzki kolektibo ekologistek argi utzi nahi izan dute behia nahita hil badute, "onartezina" dela baina ez dutela Aralarko pisten auziarekin lotzen ere gaineratu dute. "Harrigarria eta kezkagarria dela uste dugu tirokatutako behiaren afera. Dena den, zenbait gertakizun ulertzeko zailak suertatzen zaizkigu. Nabarmenena, behia maiatzaren 8an hilda azaldu eta maiatzaren 28ra arte jabea ez konturatzea behiak buruan tiroa zuenik".

"Gertatutakoa ikertzea eskatzen dugu eta edozein kasutan, nahitaezko heriotza izan bada, halako gertaerak onartezinak iruditzeaz gain, guk inondik ere ez ditugu lotzen alkatearen pisten aldeko jarrera eta jokeaerarekin. Aralarren aldeko mugimendu ekologista eta kontserbazionista osoak ez du inoiz ekintza biolentorik bultzatu. Uste dugu Eguzki eta Landarlaneko ibilbideak garbi uzten duela gure kideon jokamoldea ez dela mendian eskupeta hartuta ibiltzea, alderantziz baizik, mendira pake bila joaten gara eta naturaz eta konpainia onaz gozatzera".

"Sinetsita gaude Aralarren, gizarteko beste hainbat alorretan bezala, elkarbizitza dela bidea. Beraz, elkarbizitzaren aldeko deia egiten dugu berriro, indarkeriarik gabe eta sektore guztien arteko elkarlana" amaitu dute publiko egindako oharra.

Albisteak (1)

Bideoak (1)