Itxi

KORONABIRUSA

Osakidetza gaur hasiko da 40 eta 49 urte artekoak txertatzen

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gainera, funtsezko kolektiboetako 60 urtez azpiko langileei bigarren dosia jartzen jarraituko dute. Gaurtik gutxienez milioi bat pertsonak hartu dute dosi bat behintzat.

Koronabirusaren aurkako txertoa. Artxiboko argazkia: EFE

Gaurtik aurrera, 40 eta 49 urte bitarteko pertsonei txertoa jartzen hasiko da Osakidetza.

Gainera, Osakidetzak 60 urtez azpiko funtsezko kolektiboetako langileei bigarren dosia ematen jarraituko du.

Gaur goizean, Pfizer txertoaren 60.000 dosi inguru iritsi dira Forondako aireportura.

Astelehen honetan helduko da Euskal Autonomia Erkidegoa milioi bat pertsona txertatu izatera. Gainera, 550.000 pertsona inmunizatuta daude.

Atzo, igandea, 205 positibo berri zenbatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, abuztuaren 3tik atzemandako kopururik txikiena. Positibotasun tasa % 3,3an kokatu da. Halaber, 80 gaixo daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, eta 13 pertsona ospitaleratu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19ak jota.

Covid-19ak eragindako egoera epidemiologoa asko hobetzen ari den arren, eta "okerrago egon garen arren", oraindik ere ez gaudela ondo eta prebentzio neurriei eutsi beharra dagoela nabarmendu du asteburuan Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan: "200eko intzidentzia-tasa dugu Euskal Autonomia Erkidegoan, intzidentzia-tasa Europako altuenetakoa da oraindik ere, komeniko litzatekeena baino lau aldiz altuagoa. Egia da okerrago egon garela, baina oraindik ez gaude ondo".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)